Euskal Herriko kostaldean kodedun egurrezko itsasontzi txiki bat topatzen baduzu, itsasoko zaborren inguruko ikerketan lagundu dezakezu
Herritarren laguntza eskatu dute topatutako ontziak jaso eta behar den tokira helarazteko.
Egun eta aste hontan ez da harritzekoa izango Bizkaiko golkoan egurrezko itsasontzi txikiak topatzea. Marrazki koloretsuak dituzte, eta erregistratzeko eskaera-mezua.
Txalupa hauek Ulysses izeneko proiektuaren parte dira. Data for Science erakundeak, beste hainbaten laguntzaz, sustatuko ekimena da, eta itsas eremuaren jasangarritasunarekin loturiko ikerketan ari dira duela pare bat urtetik.
Zabor kutsadurari buruzko datuak bildu nahi dituzte, itsaso eta erreketako zaborra nola pilatzen, mugitzen eta zabaltzen den aztertzeko asmoz. Zaborra zer motatakoa den ere aztertuko dute. Hala, informazioa eskuetan izanik, hori prebenitzeko eta arintzeko estrategiak definitzea izango da helburua.
Aztiren eskutik 240 bat ontzi uretaratu dituzte. Batzuk geolokalizatuta daude, eta beste zenbait ez. Hori dela eta, azken hauek jasotzeko herritarren laguntza behar dute. Norbaitek gure kostaldean halakoren bat topatuz gero, bertan dagoen kodigoa erabiliz, aurkikuntza erregistratu dezake webgunean: zer ibilbide egin duen jakin dezake, nork margotu zuen jakin, eta baita bere argazkia igo ere. Gainera, Decathlonen entregatuz gero, deskontu bonua jasoko du.
Guztira mila ontzi bideratuko omen dituzte, eta Lugo eta Bretainia arteko eremuan zabalduko dituzte 2027ko uztailera bitarte. Izan ere, sasoi bakoitzean korronteek ez dute berdin jokatzen, eta hori ere kontuan izatea komeni da. Erreka batzuetan ere egingo dute, informazio osoagoa izate aldera.