Euskal Herriko Gazteen Dantza Topaketa egingo dute asteburuan

Belaunaldi aldaketaren faltaz hausnartuko dute topaketan.

Euskal Dantzarien Biltzarrak Euskal Herriko lehenengo Gazteen Dantza Topaketa antolatu du ostiraletik igandera, ekainaren 30etik uztailaren 2ra. Asparrenan, Araban, izango da eta bertan 15 eta 25 urte arteko dantzariak elkartuko dira. 

Topaketa honen bidez dantza taldeen belaunaldi aldaketaren faltaz hausnartuko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, "ekitaldi honen bidez gazteen ahalduntzea bilatzen da, haien nortasun sentimendua areagotzea. Euskal Herri osoko dantzari gazteek dantza tradizionalez gozatuko dute modu ludiko batean, emanaldietan ohituta dauden zurruntasunik gabe. Azken finean, dantzari izateaz harro sentitzea da helburua". 

Talde-dinamikak egingo dituzte, dantza-taldeetan duten eginkizunari buruz hausnartu, eta Asparrenako kaleak zeharkatuko dituen kalejira egingo dute larunbat arratsaldean.