Euskal Herriko emakume argazkilariak

Argazkilaritzaren Nazioarteko Egunean, Euskal Herriko emakume argazkilariak eta haien lana nabarmendu nahi ditugu.

Gaurko egunez ospatzen da Argazkilaritzaren Nazioarteko Eguna, argazkilaritza asmatu izana eta argazkilaritzak kulturari eta dokumentazio historioari egindako ekarpena aitortzeko. 1839ko abuztuaren 19an Luis Daguerrek dagerrotipoa aurkeztu zuen Frantziako akademian. Prozesu kimiko baten bidez, irudi bat atzematea ahalbidetzen zuen dagerrotipoak. Joseph Nicèphorek ere izan zuen zerikusia argazkilaritza prozesu honen garapenean. 

Korkse Ara argazkilari australiarrak hauspotu du eguna  2009az geroztik, sare sozialetan argazkiak partekatuz eta non ateratakoak diren azalduz. Ideia xume batetik abiatu, eta mundu mailan zabaldutako ohitura izan da.

Egun honen aitzakian, Euskal Herriko emakume argazkilariak ekarri nahi ditugu gogora, eta haien lana eta ekarpenari aitortza egin.

Euskal Herriko argazkilarien artean nabarmendu beharrekoa da 1853an Bilbon jaiotako Eulalia Abaiatua. Euskal argazkilaritzaren aitzindaritzat jotzen da. Karlistaldia zela eta, Ingalaterrako Liverpool hirira joan zen bizitzera bere senar eta seme-alabekin, eta bertan ezagutu zuen argazkilaritza. Han erosi zituen gailuak eta argazkilaritzako teknikak ikasi zituen. 1878 inguruan itzuli zen Euskal Herrira, eta argazkilaritza laborategia jarri zuen etxeko sotoan.

Hainbat teknika ezagutzen zituen, baina bere lan kutunenak zuri-beltzekoak dira, kristalezko plaka estereoskopikoekin egindakoak. Pertsona xumeak erretratatzen zituen, gehienetan anonimoak. Bereziki gogoko zuen baserriko eta hirietako emakumeak irudietan erakustea. Garai hartako ohitura, jai eta tradizioak islatzen zituen, eguneroko bizitza. Abaituaren lanak Bilboko Euskal Museoaren bilduman daude, 2.500 argazki inguru. 

Beste aitzindiarietako bat dugu Madame Moreno, Euskal Herriko lehen argazkilari profesionaletako bat izan zena Baionan, 1860 inguruan. Moreno senar-emazteek estudioa zuten bertan eta erretratu asko atera zizkieten baionarrei.

Emakume askok lan egin zuten estudioetan eta argazki-dendetako arduradun: Donostian, Carmen Resines, Agustina Zugasti, Elena Regidor, Barbara Gutierrez, Gregoria Marazuela eta Carmen Koch; Bilbon, Dolores Brouard, Josefina Garcia, Cecilia Garay, Aurelia Garcia Brouard eta Carmen Valet de Montano. Donibane Lohizunen, Jacquline Konarzewska, eta Altsasun, Julia Zornoza Iriarte etxalartarra. Gasteizko estudio batean aritu zen Beatriz de Azpiazu e Iztueta ere, senarra hil ondoren. Juantxo Egaña historialariak beste argazkilari hauen berri ere izan du: Pilar de Zubiaurre, Isabelle Baignol, Mercedes Malka, Petra Romerorena, Pastora Castrorena, Camille Desirerena eta Maritxu Irustarena.

XX. mendearen erdialdetik aurrera, aipatzekoa da Isabel Azkarate Morera ere. Euskal Herriko lehen emakume fotokazetaria omen da donostiarra. Argazkigintza prestakuntza jaso zuen Bartzelonan eta New Yorken. Estatu Batuetako hiri ezagunean hasi zen eguneroko bizitza erretratatzen zuten zuri-beltzeko argazkien bilduma egiten. Euskal Herrian hainbat alorretako irudiak atera izan ditu: Donostiako Zinemaldiarekin zerikusia dutenak, politika eta gizarte albisteekin lotutakoak, bidaietan egindako emakumeen, nekazarien edota hiritribuen erretratuak… Musikariak, zinegileak, idazleak, margolariak zein eskultoreak izan dira bere kameraren aurrean.

Honekin lotuta, Edurne Koch Elizegi donostiar argazkilaria ere ekarri behar dugu gogora. Euskal prentsan argazkilari moduan lan egin zuen lehen emakumea izan zen. Bederatzi urtez argitaratu zen bere lana Euskaldunon Egunkarian, eta Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko lehendakaria izan zen bi urtez. Familiaren argazki estudioan ere lan egin zuen. Gaur egun, UEUren Nafarroako egoitzaren arduraduna da.

Iratxe Etxeandia

 

Gaztezuloren aldizkariaren orrialdeetan bertako hainbat argazkilariren lanak argitaratu izan ditugu: Irantzu Pastor, Nagore Koch, Jaione Dagdrommer, Olaia Olveira, Olatz Vazquez, Ariane Errandonea, Irune Elicegui, Uxue Zugasti, Maider Urzelai, Eider Iturriaga, Eli Garmendia, Jaione Izagirre, Idoia Zabaleta, Iratxe Etxeandia, Nora Alberdi, Uxue Martin, Nagore Legarreta… 

Ezin ahaztuko ditugu Tania Barrenetxea, Maider Jimenez, Maitane Campos, Andrea Bosch, Adriana Farinas... eta beste hainbat.  Guztioi gure miresmen osoa eta zorionak zuen lanagatik.