Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten bertsolarien izenak jakinarazi ditu Bertsozale Elkarteak

Aurreko txapelketan finalista izandako Aitor Sarriegi eta Igor Elortzak ez ezik, Jon Maiak ere ezezkoa eman dio lehiaketari.

Iazko udazkenean zen jokatzekoa Bertsolari Txapelketa Nagusia, lau urteko zikloari jarraiki, baina osasun egoerak atzeratzea eragin zuen. Azkenik, udazkenean jokatuko da bertso-norgehiagoka eta Bertsozale Elkarteak izena eman duten bertsolarien zerrenda argitaratu du. 42 bertsolari izango dira guztira, eta horietako biren izenak ekainean amaituko den Arabako Bertsolari Txapelketan gertatzen denaren baitan erabakiko dira. 

Maialen Lujanbio Zugasti txapeldunarekin batera, 2017ko Bertsolari Txapelketako finalean izandako beste bost bertsolari arituko dira txapelketan: Aitor Mendiluze Gonzalez, Sustrai Colina Akordarrementeria, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia eta Unai Agirre Goia. Azken honek BEC-eko finaleko agurrean kantatu zuenez, entzuleengandik jasotakoak zalantzan jarrarazi zion txapelketa uzteko erabakia eta, azkenean, aurtengo edizioan ere parte hartuko du. 2017an finalista izandako Igor Elortza Aranoa eta Aitor Sarriegi Galparsorok uko egin diote txapelketari, duela bost urte iragarri zuten bezala.

Jon Maia Soriak ere txapelketaren ibilbidea amaitu du. Sare sozialen bidez zabaldutako mezuan aipatu duenez, "ez naiz txapeldun bat izan, baina nire garaipen handiena halako bide luzea egitea izan da, erori eta jaiki, sufritu eta gozatu, nire barne mugak gaindituz. Une ahaztezinak asko, betirako nire bihotzean gordeak geratuko direnak". Eskerrak eman dizkie bertsozaleei, hurbilekoei, eta Bertsozale Elkarteari, eta hainbeste belaunaldirekin oholtza partekatzearen ohorea nabarmendu du. "Aurtengoan bat gehiago izango naiz txaloka eta Euskal Herriko plazetan elkartuko gara!", adierazi du. 

Maiaz gain, Txapelketa Nagusian egoteko aukerari uko egin diote Etxahun Lekue Etxebarriak, Odei Barroso Gomilak, Jokin Uranga Isuskizak, Beñat Lizaso Alberdik, Unai Muñoa Amundarainek eta Iñigo Izagirre Urteagak ere.

Gauzak horrela, hauek izango dira aurtengo Txapelketa Nagusian izango diren 42 bertsolarietatik 40: Agin Laburu RezolaAitor Bizkarra RuizAitor Etxebarriazarraga GabiolaAitor Mendiluze GonzalezAlaia Martin EtxebesteAmaia Iturriotz EtxanizAmets Arzallus AntiaAne Labaka MayozAsier Azpiroz IztuetaBeñat Gaztelumendi ArandiaBeñat Iguaran AmondarainEneko Lazkoz MartinezEñaut Martikorena LizasoGorka Pagonabarraga AgorriaHaritz Mujika LasaIban Urdangarin LardizabalImanol Uria AlbizuriIñaki Apalategi AstigarragaIñigo Mantzizidor LarrañagaJoanes Illarregi MarzolJone Uria AlbizuriJulio Soto EzkurdiaMaddalen Arzallus AntiaMaialen Akizu BidegainMaialen Lujanbio ZugastiMiren Amuriza PlazaMiren Artetxe SarasolaNerea Elustondo PlazaolaNerea Ibarzabal SalegiOihana Bartra ArenasOihana Iguaran BarandiaranOnintza Enbeita MaguregiPatxi Iriart HiribarrenSaioa Alkaiza GuallarSustrai Colina AcordarrementeriaUnai Agirre GoiaUnai Gaztelumendi ArandiaUnai Mendizabal JauregiXabat Galletebeitia AbaroaXabier Silveira Etxeberria

Txapelketan parte hartzeko aukera lurraldeetako txapelketetan eskuratu dute bertsolariek; 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, 2021ean amaitutako Bizkaikoan, Nafarroakoan, Xilaban (Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoakoa). Arabako Bertsolari Txapelketan atzeratu egin behar izan zen neguko osasun egoera tarteko, eta ekainean amaitzen denean irekiko zaie sailkatuei izena emateko aukera; orduan ezagutuko ditugu Txapelketa Nagusiko ordezkari arabarrak.

Irailetik aurrera martxan
Bertsolari Txapelketa Nagusia irailaren 24an abiatuko da Getxon. Finala, berriz, abenduaren 18an izango da Iruñeko Nafarroa Arenan. Barakaldoko BEC-etik Nafarroako hiriburura igaroko da finala, Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren eta euskararen lurralde osoan eragiteko duen helburuari jarraiki.

Bertsozale Elkarteak iragarri duenez, ekainaren 22an emango ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko xehetasun gehiago.