Euskal Herria Kantuz eguna egingo dute larunbatean Bilbon
Hiri erdialdean kantuan ibiliko dira goizez eta arratsaldez.
Euskal Herri osoko milaka kantuzale bilduko dira Bilbon, larunbatean, Euskal Herria Kantuz egunaren harira. Pandemia ondoren egindako lehenengoa izango da, ‘... eta elkartuko gara berriro’ lelopean.
Goizeko 11.00etan hasiko dira eta erdialdeko hiru gunetan abestuko dute. Bazkaldu eta gero, 17.00etan, beste lau gune edo geldialdi egongo dira Alde Zaharrean, kantu-zerrenda osoa abesteko. 19.00ak aldera omenaldia izango da Plaza Berrian, Bai Euskarari ekimenaren 45. urteurrena dela eta.
Jaialdirako sortutako liburua egongo da eskuragarri, abestuko diren abestiekin. Mugikorretarako ‘Kantari app’-en ere jaso dituzte eguneko kantu zerrenda eta letrak.
2010. urtean sortu zen euskal kantu talde herrikoien sarea (Euskal Herria Kantuz), eta urtero ekimen bateratu bat antolatzen da, topaketa, ‘Euskal Herria kantuz eguna’. 2014an Bilbon izan zen eta 2020ean berriro ere bertan egitekoa zen, baina bertan behera geratu zen pandemia tarteko.