Euskal Herria argipean
Duela 110 urte, hau da 1893an, argindarra ipini zuten Donostiako kaleetan. Euskal Herriko gainerako hiriburuetan ere XIX. mende amaieran abiatu zen kaleetako argiztatze sistema publikoa.
Euskal Herrian argindarra kaleetan ezartzeko lehendabiziko proba, hala ere, Lekeition egin zuten 1876an, Jose Maria de Murga Murgategi, 'Bizkaiko Mairua'-ren etxean. Pasadizoak zeresan ugari sortu zuen bai herrian eta baita kanpora ere. Eta, bi hamarkada eskasen buruan, argiztatze sistema Euskal Herri osora zabaltzen hasi zen. Bilbo eta Donibane Garazi izan ziren kaleetan argindarra ezarri zuten lehendabiziko hiriburuak, 1890an eta 1891n, hurrenez hurren.
Donostian 1893an ipini zuten eta Gasteizen, bost urte beranduago. Ez dakigu zehatz mehatz Euskal Herriko gainerako hiriburuetan zein urtetan hasi zen argiztatze sistema publikoa, baina Auñamendi entziklopediaren arabera, Iruñean 1893 eta 1894 bitartean eraiki zuten argindarra sortzeko lehen zentrala, eta Baionan ere mendea amaitu aurretik bazuten argia kaleetan.
Argiztatze sistema ezartzen hasi zen heinean, antzinatik erabilitako hainbat tresna baztertzen hasi ziren: argi-mutila (oraindik ere Pirinioetako artzaien etxoletan erabiltzen den zutargia, errexina (erretxinaz eginiko argizariak), lastargi eta irazekiak (lastoz eta iraz egindako zuziak), koipea erabili ohi zuten kriseilu edo kurtzeluak, petroliozko zuziak, gas eta karburo argiontziak Mende bat beranduago, Euskal Herriko etxeetako tresna gehien-gehienak argindarrez hornitzen dira.
Argentinan, baxenafartar bati esker
Argentinan Jean Etxepareborda (1823-1892) baxenafartar sendagileari esker jarri zuten argindar sistema publikoa 1883an, hau da, Euskal Herrian baino zazpi urte lehenago. Etxeparebordak Buenos Aires-era emigratu zuen eta bertako unibertsitateko katedraduna izan zen hainbat urtez. Sendagileak argia sortzeko esperimentu ugari egin zituen bere etxean, eta 1853an unibertsitateko lankideak harri eta zur utzi zituen proba batean argindarra sortu zuenean. Handik aurrera, esperimentuaren zenbait erakustaldi egin zituen jendaurrean. Hala eta guztiz ere, argindarra ez zen bertako kaleetan ezarri 1883ra arte.