Euskal gazteek irudimena plazara atera dezaten

Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak gazteak begiz jo ditu eta Hogei'ta ekimenaren harira bi lehiaketa antolatu ditu.


Euskal Kultur Erakundeak hogei urte bete zituen 2010ean, eta hain justu urteurren hartatik sortu zen Hogei'ta ekintza plana gauzatzeko ideia. Datozen hiru urteetan, gazteek gidatutako egitasmo kultural eta artistiko berritzaileak babestea da asmoa, "gazteak euskal kulturaren berrasmatzearen aktoreak izan daitezen".

Alde batetik, gazteen sorkuntzari bide emateko asmoz, argazkilaritza, bideogintza eta grafismoan oinarritutako lehiaketa antolatu du 16 urtetik gorako euskal gazte guztientzat. Lanak apirilaren 30a baino lehen eman behar dira. Epaimahaiak bi lan sarituko ditu –ekainean emango du jakitera bere erabakia–, eta lan horien egileek 5.000na euro jasoko dituzte euren proiektuak garatzeko. Informazio zehatzagoa, www.hogeita.com-en.

Beste lehiaketa, irudimena.com webgunean ageri diren argazkietako bat aintzat hartuta sorkuntza lan bat egitean datza –apirilaren 8a arte–. Bizkaiko Azkue Fundazioarekin elkarlanean antolatu dute bigarren egitasmo hau.

Aurrerantzean ere beste hainbat ekimen abiatuko dituztela iragarri du EKEk.