Euskal Encounter informatika-topaketaren 30.edizioa hasiko da bihar

Publikoak ere bisitatu ahal izango du, informatika-produktuak ikusi eta teknologiaren inguruko hitzaldietan parte hartzeko.

Euskaltel Fundazioak eta Euskalamiga Elkarteak antolatutako Euskal Encounterren 30.edizioan teknologia berrien arloko milaka profesional eta zale bilduko ditu Barakaldoko BECen bihartik astelehenera bitarte. Berrikuntzen artean gaming lehiaketa profesionalak izango dira eta baita eduki-sortzaileei zuzendutako streaming eremua ere. Betiko legez, sormen digital, hardware, eta software librearen inguruko hitzaldiak izango dira, jokoak eta bestelako jarduerak.

Opengunea ere berreskuratuko dute, pandemiaren eraginez aurreko edizioetan baztertu behar izan dutena. Topaketan izena eman dutenei eta publiko orokorrari irekitako gunea izango da. Bertan, informatika-sektoreko enpresek beren produktuak aurkeztuko dituzte eta teknologiaren inguruko hitzaldi zein tailerrak eskainiko dira doan.

Bestetik, Gamegunerekin eta Keen Con elkarteekin elkarlanean, Quake Champions bideo-jokoaren inguruko aurrez aurreko txapelketa jokatuko da bihar eta etzi, eta 2.000 euro banatuko dira saritan. Sei jokalari profesionalek parte hartuko dute lehiaketan, Euskal Encounterreko atariko sailkapen txapelketa irabaziko duten bi lagunen aurka.

Programatutako hitzaldietan, adimen artifiziala, errealitate areagotua, zibersegurtasuna, konputazio kuantikoa, eta ibilgailu elektrikoak izango dira hizpide. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.