Euskal emakume zinemagileen zikloa

Gaurtik abendura hainbat euskal zinemagileren filmak izango dira ikusgai, ostegunero, Gasteizko Artiumen. Bilbon eta Donostian ere eskainiko dute zikloa.

Gasteizko Artium museoa izango da udazken honetatik aurrera Euskadiko Filmategiaren egoitza egonkorra, eta lankidetza hori ziklo batekin abiatuko dute. Euskal Emakume Zinemagileak I zikloarekin hasiko dira eta euskal emakume zinemagileen bederatzi film eskainiko dituzte gaurtik abenduaren 16ra bitartean. Zikloa hiru urtez luzatuko dute gutxienez, "film luze bat behintzat filmatu duten euskal emakume zinemagileen talentua erakusteko". 

Zikloan Arantxa Lazkano, Mirentxu Purroy, Julia Juaniz, Bertha Gaztelumendi, Helena Taberna, Aizpea Goenaga, Mireia Gabilondo, Ana Diez eta Maite Ruiz de Austriren lanak ikusi ahal izango dira.

Gaur Arantxa Lazkanoren Urte ilunak pelikularen emanaldia izango da. Zortzi urteko Itziar du protagonista filmak, Gerra Zibilaren ondoren eskolako monjen errepresio eta tristura munduan bizi dena. Kalean pozik sentitzen den arren, barnetegira joan beharko du gaixotasun baten ondorioz. Berriz itzuliko da herrira eta lagunartera, baina ezer ez da lehen bezalakoa izango. 

Urriko hurrengo bi emanaldiak Helena Tabernaren Varados eta Bertha Gaztelumendiren Mariposas de hierro izango dira. Lehenengoak, epe luzean zain dauden errefuxiatuen eguneroko bizitza islatzen du eta bigarrenak, berriz, Euskal Herrian bakearen aldeko apustua egiten duten emakumeen ahotsak biltzen ditu.

Azaroan Maite Ruiz de Austriren Lucius Dumben berebiziko bidaia, giza eskubideak dira zure tresnarik onena eskainiko dute. Zientzialari talde jakintsu, ero eta serio batek tresna bat aurkitu beharko du, Lurra planeta baketsu eta zoriontsua bihurtzeko, eta zientzialari gaztea bidaliko dute. Julia Juanizen Kamarada, Celestino Uriarte iraultzailaren ingurukoa, eta Mirentxu Purroyren Denboraren gibelean ere emango dute. Azaroaren 25ean, berriz, emanaldi berezi egingo dute Elías Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean. Carole Roussopoulos eta Ioana Wieder feministen pelikula bana eskainiko dute, Frankismoari aurre egin zioten euskal emakumeen protagonismoa ardatz hartuta: Les meres espagnoles eta La marche des femmes à Hendaye. 

Abenduan beste hiru pelikula izango dira ikusgai: Aizpea Goenagaren Zeru horiek, Mireia Gabilondoren Erlauntza eta Ana Diezen Todo está oscuro

Proiekzioak ostegunero egingo dituzte, 19:00etan, abenduaren 16ra arte, eta 25 urtez azpikoentzat doan izango dira emanaldiak. Gainerakoak 3,5 euro ordaindu beharko dituzte eta museoaren adiskide direnek 2 euro. Sarrerak museoaren lehiatilan eskuratu ahal izango dira edota online

Bilbon eta Donostian ere bai
Ziklo honetako filmak EAEko beste bi hiriburuetan ere ikusi ahal izango dira. Bilbon Arte Ederren museoan izango dira emanaldiak eta Donostian Tabakaleran. Bilbon museoko leihatilan edota bere webgunean eskura daitezke sarrerak, Gasteizko baldintza beretan. Donostian, Tabakalerako Informazio Puntuan, zineko leihatilan (emanaldia hasi baino 30 minutu lehenago) eta Interneten  egongo dira salgai, eta %10eko deskontua izango dute Tabakalera edota Donostia Kultura txartelak dituzten ikusleek.