Euskal campus birtuala

Badira itsasontzia hartu, eta urrutiko bazterrak ezagutzera abiatzen direnak. Beste batzuk, aldiz, etxean nabigatzen aritzen gara, lehorrean. Non? Ordenagailuaren aurrean. Azaroaz geroztik, unibertsitate munduarekin lotutako itsasontzi erakargarri bat dago informazioaren sarean: www.unibertsitatea.net. Campus birtualean nabigatu nahi?


Egunetik egunera, internetek presentzia handiagoa du gure bizitzan. Sagua eta ordenagailua ia koadrilakoak dira. Ez hori bakarrik, baldin eta erakunderen bat sarean agertzen ez bada, badirudi ez dela existitzen ere.

Beraz, zerbitzu zabala eman asmoz, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) unibertsitatea.net webgunea jarri du abian. “Ideia duela lau bat urte sortu zen. Orduan, teknologia berriek garrantzi handia zuten, eta gaur egun, zer esanik ez. E-maila, telefonoa baino gehiago erabiltzen dugu ia. Bestalde, unibertsitatea.net-ek bilgune izan nahi du. Eta horretarako, webgune bat oso aproposa iruditzen zaigun. Euskal Herriko edozein txokoko gazteei eskaintza ezberdinak luzatzeaz gain, ekarpenak jaso nahi ditugu” dio Zuriñe Etxanobek, unibertsitatea.net-eko koordinatzaileak.  

Komunitate unibertsitarioa

Unibertsitatea.net webgunea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, jende askoren lanaren emaitza baizik. Atal asko dituenez, sei lagun inguru ari dira webgunean lanean. “Pixkanaka asmoa gorpuzten joan da”, azpimarratzen du Zuriñek, “duela bi urte heldu genien diseinu lanei: nori zuzendua egongo zen, erabiltzaileen beharrak zein ziren aztertu… oinarri horiek aintzat hartuta hasi ginen oinez”.

Webgunearen aurkezpen egunean, Udako Euskal Unibertsitateak “erronka handitzat” definitu zuen unibertsitatea.net. “UEUk esfortzu handia egin du proiektua aurrera atera ahal izateko. Webgunea oso tresna aproposa da hain sakabanatua dagoen euskal komunitate unibertsitarioa biltzeko. Unibertsitate esparruan webgune asko dago, baina orain ez bezala, guztiak bat eginik gabe zeuden”. Bistan da, beraz, webgunea bilgune izateko bokazioz jaio dela.     

Azaroan, Donostiako Zientziaren KutxaGuneko planetarioan aurkeztu zuten unibertsi-tatea.net. Aurkezpen egunean, Mirari Martiarenak bertso batzuk bota zituen. Hauxe izan zen bertsoetako baten bukaera:

ikasle denok joan gaitezen,
bide onetik hobera,
unibertsoan gal ez gaitezen,
atari hau da aukera.

“Oso bertso aproposa da webgunea zer den laburbiltzeko” , dio Zuriñe Etxanobek, “webgunea osasuntsu dago, eta lehen urratsak eman ondoren, hemendik aurrera, webgunean sartzen direnen lana hasiko da. Unibertsitate.net guztiona da, eta jendearen parte hartzea ezinbestekoa da”. Beraz, sasoiari eutsi eta koskortzea da hurrengo pausoa.

15.000 bisita

Webguneak unibertsitate munduko gauza ugari eskaintzen ditu. “adibidez, 18 urteko ikasle batek ez daki zenbat unibertsitate dauden; zalantzak ditu zer ikasketa egin nahi dituen, eta abar. Hemendik aurrera, ez du urrutira jo beharko, gurean topatuko du informazio hori”. Bestalde, apunteak lortzeko aukera ere emango du webguneak. Horrez gain, era guztietako gaiak jorratzen dituen blog komunitate espezializatua ere badago.

Sarean jarri zutenetik, ekarpen asko jaso ditu unibertsitatea.net-ek. “Jendeak txalotu egin du ideia, eta proposamenak eta ekarpenak egin dizkigu. Hori oso garrantzitsua da guretzat”, dio Zuriñek. Lehen bi asteetan 15. 000 bisitari izan zituzten, eta hori ez da txantxetako marka: “Jendeak parte hartzea espero ge-nuen, baina egia esan, ez hainbeste. Oso pozik gaude. Orain, e-rronka sendotzen jarraitzea da helburua. Baina, horrez gain, gure eskaintza garatu eta ahalik eta esparru handienera iritsi nahi dgu. Goiari eutsi nahi diogula, alegia”. Lortuko dute, seguru.