Euskal bideo jokozaleen komunitatea

Sormen industrien artean ekonomikoki indartsuenetakoa bihurtzeaz gain, gutxi batzuen ‘hobby’ izatetik jende askoren bizitzan leku garrantzitsua
izatera pasa dira bideo jokoak. Euskarazko erreferentzia gunerik ez zegoela konturatuta, hutsune hori betetzeko asmoz sortu dute Game Erauntsia komunitatea.



Hasiera batean, gameplay edo iruditan grabatutako bideo joko partidak jendearekin konpartitzeko blog bezala sortu zuten Game Erauntsia. Gari Infernu eta JoxHell youtuberrek egin zuten. Baina gutxi iraun zuen bi lagunen blog gisa, bideo jokoetan interesa duten euskal youtuberren gorakada bat dagoela ohartuta, laster erabaki baitzuten komunitatea saretzeko ahalegina egitea. Horrela jaio zen gaur egungo Game Erauntsia. Izena ingelesezko game (jolas) hitzaren eta erauntsiaren arteko hitz-jokotik dator, era guztietako jolasak jorratzen dituztelako.

Komunitatea handitzen joan den heinean, gameplay-ez gain bestelako edukiak sortzen joan dira. Hala, gaur egun, bideo jokoekin lotutako albisteak ere idazten dituzte, eta euskal bideo jokozaleek elkar ezagutzeko topagunea izan nahi duen foroa ere sortu dute. Komunitateko kide eta GAZTEZULOko kolaboratzaile Sergio Peñaren hitzetan, "jokalari bakoitzak dituen ezagutzak besteekin konpartitzeko gune izatea" nahi dute.

Sarearen kontzeptua hasieratik landu dute. Komunitatea indartzen joateko, interesgarria iruditu zitzaien Minecraft bezalako jolas arrakastatsu baten euskarazko lehen zerbitzaria irekitzea. Lan horren kostua finantzatzeko Karena crowdfunding plataforma erabili zuten. Proiektuak behar zuen dirua eskuratu zuten, eta nahi joko ezagunean euskaraz jolasteko aukera du gaur egun.

Hala ere, joko gehienetan gaztelaniaz edota ingelesez jolastea beste aukerarik ez dago. "Bideo jokoei errentagarritasun handiena ateratzeko merkaturik handienetara jotzen dute enpresek, eta ondorioz, munduan gehien erabiltzen diren hizkuntzetan plazaratzen dituzte jokoak; euskarak ez du hor lekurik", dio Peñak. Aurrera begira, teknologian ematen ari diren aurrerapausoak eta merkatuan sartu diren bideo joko enpresa berrien bitartez, gauzak aldatzen joango direla uste dute Game Erauntsiako lagunek: "Hemengo enpresek badute zer esana eta erantzukizuna euskarazko jokoen katalogo polit bat egiteko. Euskarak jokoen merkatuan ere garrantzia duela erakutsiko lukete, eta guk kontsumitzaile potentzialak badaudela erakutsiko diegu".

Jokatzen ez ezik, bideo jokoak sortzen ere badakigu Euskal Herrian; gero eta gehiago dira horretan lanean ari diren enpresak. "Duela gutxi arte industria hau bazterrekoa izan da, nonbait produktu ukigarriek izan baitute garrantzia, batez ere autogintzakoek. Oraindik ere hein handi batean hala da, baina azken urteetan teknologia berriak lortzen ari diren ospeari eta eskaintzen dituzten aukerei esker, Euskal Herria ere lerratzen ari da", dio Peñak. Gure herria bideo jokoen "Silicon Valley txiki bat" izan daitekeela uste du, izan ere, horretarako "ideiak sobera ditugu", dioenez.

Txapelketak
Komunitatea indartzen joateko, modu paregabea aurkitu dute Game Erauntsiako lagunek: bideo jokoen txapelketak. Dagoeneko Hearthstone eta League of Legends jokoen lehiaketa bana antolatu dute, eta otsailean eta martxoan zehar egingo dute Counter Strike ezagunarena. Aurrerantzean gehiago egiteko asmoa dute. Gainera, txapelketetako partidak YouTuberen bidez zuzenean emititu eta komentatzen dituzte.

Irudipena izan genezake, bideo jokoetara gehienbat mutilek jolasten dutela, are gehiago, Game Erauntsiako talde eragilea osatzen duten hamabost kideak mutilak direla ikusita. Hala ere, datuek diotenez, gero eta gehiago dira bideo jokoen mundura hurbiltzen diren neskak. Adibidez, Entertainment Software Association-ek iaz egindako ikerketa baten arabera, AEBetan jolasten dutenetatik %48 dira emakumeak; 2010ean %40 ziren. Peñaren esanetan, "urtetik urtera gero eta neska gehiago dago; Euskal Encounterrean azken edizioetan emakumeen parte hartzeak izan duen gorakada ikusi besterik ez dago. Bada garaia bideo jokoetara jolasten diren nesken gaineko hainbat estereotipo eta sinesmen apurtu eta lotsa galtzeko!"

Komunitatea parte hartu nahi duen orori zabalik dago, eta talde eragilean neskak ere izatea gustatuko litzaieke arduradunei: "Taldea osatuago geratuko litzateke iritziak eta ideiak formulatzeko garaian. Badakigu erabiltzaileen artean neskak badaudela, eta proiektuan parte hartzera eta ideia berriak plazaratzera animatu nahi ditugu".

Durangoko Azokan jendaurreko aurkezpen bat egin zuten, baina datozen hilabeteetan Euskal Herriko hainbat txokotan hitzaldiak emateko asmoa ere badute. Interesa duena hitzaldi horietara hurbil daiteke edo zuzenean eurekin harremanetan jarri gamerauntsia.eus atariaren bitartez. Bideo jokozale oro ongietorria izango da, komunitatea gero eta handiagoa egitea da-eta sustatzaileen desioa.