Euskal Aktoreen Batasunak 'Besarkada Sarietako' hautagaiak iragarri ditu
Aitziber Garmendiak eta Kepa Errastik bina izendapen dituzte. Urrian banatuko dituzte sariak.
Euskal Aktoreen Batasuneko kideek antzerki, telebista eta zinema arloetako lankideen interpretazio lanak nabarmentzen dituzte, bi urtean behin. Izendatuen zerrenda 365 bazkide profesionalen artean egindako bozketaren bidez aukeratu da.
Antzerkiko emakumezko aktore onenaren kategorian, honako hauek izendatu dituzte: Aitziber Garmendia (Esnearen Kolorekoa), Olatz Ganboa (Festen), eta Garbiñe Intxausti (Forever). Gizonezkoen artean, berriz, hauek: Kepa Errasti (Posdatarik gabeko gutunak), Aitor Borobia (Festen) eta Iñigo Aranburu (Ez naiz inoiz Dublinen egon).
Telebistako emakumezko aktore onenaren atalean hiru emakume hauek hautatu dituzte: Itziar Atienza (Entrevías), Aitziber Garmendia (Muertos SL.) eta Itziar Ituño (Detective Touré). Gizonezkoen artean, Josean Bengoetxea (Balenciaga), Koldo Olabarri (Bellas Artes) eta Gorka Otxoa (Machos Alfa) daude izendatuta.
Zinemari dagokionez, emakumezko aktore onenen artean, Edurne Azkarate (Irati), Ane Gabarain (20.000 erle espezie) eta Patricia Lopez Arnaiz (20.000 erle espezie) aukeratu dituzte. Gizonezkoetan, aldiz, Kepa Errasti (Irati), Martxelo Rubio (20.000 erle espezie) eta Eneko Sagardoy (Irati) dira izendatuak.
Urriaren 2an egingo dute sari banaketa, Bilboko Campos Eliseos Antzokian.