Europako faunaren argazki onenak Gasteizen ikusgai

Europar naturaren parte diren animalien argazkiekin osatu dute erakusketa eta otsailaren 6ra arte egongo da zabalik.

Gasteizko Atariak 2020ko European Wildlife Photographer of the Year erakusketa hartuko du otsailaren 6ra arte. Ingurumen Ikasketetarako Zentroak GDT-Natura Argazkilarien Alemaniako Elkartearekin elkarlanean antolatutako erakusketak naturarekin lotutako 81 irudi ditu eta, besteak beste, Europako hamsterrak, elefanteak, basoilarrak eta saguzarrak izango dira ikusgai.

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, "argazkiek gure etxe ondoan hasi eta mundu osoko eskualde urrunetan amaitzen den paisaia kulturalaren izaera eta aniztasuna ezagutzeko aukera ematen dute. Bisitariak hegaztien ugalketa liluragarria, migrazioen dinamika, janariaren aldeko borroka dramatikoa, intsektuen forma bitxiak, anfibioen kolore apartak edo narrasti batzuen itxura eta ohituren dotorezia ikusgarria deskubritu ahal izango ditu erakusketan".

Erakusketa doakoa da eta bisita-ordutegia asteartetik igandera izango da, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; astelehenetan, berriz, zentroa itxita egongo da.