Eunate Agirre: “"Sopelako hondartza aldatu da; lehengoa gehiago gustatzen zitzaidan”"

Sopelan pilak kargatuta, han eta hemen olatu gainean artista bailitzan aritzen da Eunate Agirre. Bere artelan ederrena egin nahian dabil. Euskal Herriko eta Europako Txapelketak eskuratuta, Munduko Txapelketa irabaztea du buruan.


Azken urteotan herriko kirolariek pozik egoteko arrazoiak eman dizkiete sopeloztarrei. Joane Somarriba txirrindulariak oso lasterketa garrantzitsuak irabazi zituen duela hamar urte inguru. Orain Eunate Agirreren txanda da. 1982an jaio zen Bilbon; gauzak zer diren: urte berean egin zuten lehendabizi Munduko Bodyboard Txapelketa eta Daniel Kaimik irabazi zuen, Hawaiin. Emakumezkoen aurrenekoa Stephanie Pettersen brasildarrak eskuratu zuen, 90eko hamarkada hasieran, Eunate nerabea zenean. Bilbon jaio zen, bai, baina urtetan uda sasoia Sopelan igaro zuen eta bertan sartu zitzaion bodyboardaren harra. Barru-barruraino sartu ere. Lehenik Euskal Herriko txapelketetan nagusitu zen, ondoren Europa bere egin zuen, eta Munduko Txapelketa izan du begiz jota azken urteetan. Iaz gutxigatik ez zuen jantzi txapela. Aurten bai?

"Munduko txapelduna izan nahi dut". Zuk esana da. Hitz potoloak dira, benetan.

Hasi besterik ez gara egin, baina hasiera ona izan da. Mexikon hirugarren postuan bukatu nuen, oso sentsazio onekin. Ni oso kontzentratuta nago, baina hau lehiaketa da eta onena emanda ere, denetarik gerta daiteke. Bai, helburua txapeldun izatea da, baina besteak ez dira errenak…

Koskarik gorenean zaudetenen artean kasik ez dago alderik.

Bai, besteak ni bezain onak dira eta denek, nik bezala, txapeldun izan nahi dute. Xehetasun txikiena ere kontrolpean izaten saiatzen gara, baina hala ere, beti dago zer hobetu. Nik egunero aztertzen dut nola jokatzen dudan uretan eta kritikoa naiz neure buruarekin. Bestalde, goreneko koska honetan, psikologia garrantzitsua da; entrenamendu saioek beraiek ematen dizute konfiantza, eta zure burua besteen gainetik ikusteko parada.

Aurkariak ala itsasoaren egoerak. Zerk kezkatzen zaitu gehien txapelketa bati aurre egiterakoan?

Denak. Beharbada itsasoaren egoerak nire alde joka dezake, edo aurkarien alde eta nire kontra. Aurten taulekin nabil bereziki kezkatuta. Denboraldi hasierakoak ez ziren egokiak, eta korrika eta presaka lortu behar izan ditut beste batzuk.

Zer moduz moldatzen zara kontrarioekin?

Nahiko ondo. Surfa kirola da, baina baita bizitza filosofia ere. Ez da beste kirol batzuk bezain hotza. Adibidez, Neymara Carvalho miretsi izan dut, aholkuak eman dizkit eta haren irakaspenak jaso ditut... Iaz ia proba guztietara elkarrekin bidaiatu genuen, hoteletan elkarrekin egon ginen, batak besteari animoak ematen pasatu genuen urtea, bera min hartuta ibili zenean ni laguntzen ahalegindu nintzen… Eta azken proban, hara, biok nor baino nor garaile izateko. Azken txapelketa horretara nork bere kaxara bidaiatzea eta kontzentratzea erabaki genuen. Hala ere, Facebookeko lagunen artean dut Neymara.

Txikitan Sopelan ikusten zenituenetako batzuk idolotzak zenituen. Nolakoa zen zu bezalako haur edo gaztetxo baten harremana haiekin?

Gogoan dut bodyboardari buruzko aldizkari bat erosten nuela eta bertan hondartzan ikusten nituenak agertzen zirela. Horrela konturatu nintzen haiek garrantzitsuak zirela. Hurbildu? Ez, lotsa ematen zidan. Izarrak ziren niretzat eta pertsona bat asko miresten duzunean urrun ikusten duzu.

Hawaiiko uretan aritzea Tourrean parte hartzearen edo Atenasko maratoian korrika egitearen parekoa al da?

Hawaii gailur modukoa da eta denok dugu hori begiz jota. Tradizioa, historia, olatuak… Kirolariaren curriculumerako ez da gauza bera Sopelako olatua edo Hawaiikoa. Beraz, denok nahi izaten dugu han ondo ibili. Bitxia da, Hawaiik ez du txapelketa handi bat hartzeko baliabiderik; ez dago hotelik, gunea ere oso txikia da… Nik esango nuke bakoitzak bere baitan bizitzen duela txapelketa.

Non du arrakasta gehien bodyboardak?

Australiak darama lema. Hango hedabideek elkarrizketa bat baino gehiago egin didate, eta profesionalekin, gizonezkoak zein emakumezkoak, oso ondo moldatzen naiz. Joan den urtean haietako batzuekin elkartu eta etorkizunera begira onenen artean ikusten nindutela esan zidaten.

Motor lasterketetako gidariek liburutzarretan idazten dituzte lasterketetako xehetasun guztiak, ondorengo urteari begira. Zu ere tokiren batera joatean hala aritzen al zara hondartzaren ezaugarriekin, olatuekin…?

Mundu honetan ikusentzunezkoak gailentzen dira, bideo pila bat ditut artxibatuta. Beharbada, gehiago idatzi beharko nuke, baina tira. Txapelketetara egun batzuk lehenago joaten naiz, ingurunea aztertzeko.

Gustatuko omen litzaizuke bolada bat ematea olatuak hartzen eta bideoak grabatzen, lehiaketaren presiorik gabe.

Lehiatzeak nekatzen du, eta egunen batean bukatuko da. Baina profesional izateari utzita ere, itsasoan jarraitzea gustatuko litzaidake, jendearentzat ezezaguna dena grabatzen. Adibidez, pelikula bat egitea proiektu polita litzateke hainbat arlo erakusteko: bidaiak nolakoak diren, zer egiten den, gure buruak nola egiten duen lan txapelketetan… Azken finean, emaitza hutsen gainetik dagoen guztia.

Bideo horietan horrenbeste sona duten surflarien festak agertuko lirateke?

Jaiak egin egiten dira, noski. Baina, honetan, lehiatu behar dena eta besterik gabe olatuak hartzeko bidaiatzen duena desberdindu behar dira. Egon badago gailurreraino iristen denik festarik festa ibilita, baina txapelketek gero eta gehiago exijitzen dizute eta horregatik zaindu behar duzu. Nik uste dut gero eta festa gutxiago dagoela eta seriotasun gehiago. Horrek ez du esan nahi festarik egiten ez dugunik, garaipenek behar bezala ospatzea merezi baitute.

[Portugalera bidean erantzun ditu Sopelako bodyboarderrak GAZTEZULOren galderak. Bidaiatzen ohitua dago, noski. "Ingurukoei abenturen berri ematen diedanean esaten didate honezkero zaildua behar dudala egon".  Aukeran, nahiago du autoz bidaiatzea hegazkinez mugitzea baino. "Kotxez gehiago bidaiatu nahi nuke, baina Munduko Zirkuituan parte hartzen ari naizenez, hegazkinez egin behar izaten dut. Autoz bidaiatzen dudanean egindako distantziaz hobeto jabetzen naiz, ordu errealak dira. Hegazkinez, aldiz, jet-lagarekin zailagoa da. Autoan gainera nahi adina taula eramaten dut: bost bat daramatzat. Bost horien artean taula magikoa dago, komodina dena, baina oso erabilia dagoena; beste biak berriagoak eta arinagoak dira, beste bat olatu azkarragoetarako aproposa da… Txapelketaren bezperan erabaki ohi dugu zer taula erabili"].

Hawaii da gailurra. Eta Sopela?

Etxea! Kanpoan nagoenean beti etxera bueltatzeko gogoa izaten dut, nahiz eta Sopelan hiru egun eman eta gero ohartu bertako hondartzak nahi adina olaturik ematen ez didala. Nire terrenoan nago Sopelan. Etxean nagoenean soilik Mundakara edo Landetara mugitzen naiz olatu handiak baldin badaude.

Eta Peñatxuri?

Hunkitu egiten naiz horri buruz hitz egiten. Klub horretan hasi nintzen, eta haiekin parte hartu nuen lehen txapelketan. Denboraren poderioz, ordea, harremana urritu egin da. Goizean goiz joaten naiz entrenatzera, saioa bukatuta etxera itzultzen naiz eta azken orduan berriz ere uretara sartzen naiz. Pena dut, nahi baino gutxiago nago beraiekin: batzuetan, iritsi, historiak kontatzen hasi eta, gustura nagoenean, berriz ere kanpora joan behar izaten dut.

Asko aldatu al da Sopela zu bertako hondartzan olatuak hartzen hasi zinenetik?

Bai. Entrenatzea zailagoa da gero eta jende gehiago aritzen delako uretan. Bestalde, txikitan, hondartzako guztiek lagun talde moduko bat osatzen genuen, baina orain dena nahasiago dago; aparkatzea zailagoa da, ingurua urbanoagoa da… Aldatu da; nik lehenagokoa nahiago nuen. Ez dakit, bodyboarda ogibidea dut orain, eta agian horregatik aldatu da nire ikuspegia.

Eta bodyboarda bera ere aldatu al da?

Bai, noski. Joera berriak daude, ezagunagoa da, sasoi onean dago. Taulak egiteko materialak asko aldatu dira. Lehen bi taula erabiltzen nituen, eta orain txapelketetara bost eramaten ditut. Tamaina, boogiaren atzealdea, stringer-a ­–taula barruko karbonozko hodia­–, jantzia bera ere... azken hau, adibidez, armadura modukoa zen lehen, zauriak eragiten zizkizun. Gaur egun, ordea, ezin erosoagoak dira eta ez duzu hotzik pasatzen.

Euskal Herriko Txapelketan luze jo gabe estu hartuko dizunik ikusten al duzu?

Zalerik badago, batez ere Sopelan bertan Nazioarteko Txapelketa bat egin delako urtetan. Badaude neguan ere uretan sartzen direnak, baina esango nuke lehiatzeko beharrezko grinarik ez dutela.

Munduko txapeldunordea zaitugu, eta hala ere komunikabideetako kirol saileko lehen orrian ez zaitugu askotan ikusi. Belarritik tira egin behar al diguzu kazetarioi?

Denetik dago. Hedabideek oraindik ez digute nahi bezalako jarraipena egiten. Nik txapelketetan emailak bidali behar izan ditut, argazki eta guzti. Nahiz eta ni tartean egon, kirol honek ez du mugitzen beste batzuek adina. Hala ere, baikorra naiz gerora begira: hedabide batzuk jarraipen handiagoa egiten ari dira eta horiek besteetatik tira egingo dutelakoan nago.

Joan den urtean orpoz orpo jardun zinen Carvalhorekin azken unera arte. Puntu gutxi batzuengatik irabazi zuen berak. Epaileekin batzuetan ez da giro egongo, haiek baitira azkenean puntuak banatzen dituztenak. Loria eta miseria partitzen dutenak.

Haiek ere familia modukoa dira euren artean. Batzuetan haiekin bat nator, beste batzuetan haien gunera igotzen naiz erreklamatzera eta aholkurik ere eskatu izan diet, haiek baitira nik hartutako olatuak baloratzen dituztenak. Gainera, epaile nagusia ezagutzen dut, brasildarra da eta konfiantza handia dut beregan. Honetan ikasketa etengabea da.

Lanpostua izan, etxebizitza erosi edo errentan hartzeko nahikoa diru nola lortu, asteburuko plana egin… Gazte askoren buruhausteak eta pizgarriak dira horiek guztiak. Zu horretan sartzen al zara?

Badago aldea. Beharbada, asko bidaiatzeak urrun nazake gazte gehienengandik; bidaia horietan garaipenek zein porrotek zaildu egiten zaituzte eta. Bestalde, niri, adibidez, parrandak ez zaizkit gustatzen, baina beste edozein gazteren kezkak baditut: etxebizitza, autoa… Gazte arrunta naiz.

Zer moduz daramazue zuk eta zure lehiakideek mutilen itzalean aritzea?

Nik egunero borrokatzen dut parekotasunaren alde. Hori bai, baldintza fisikoak ez dira berdinak eta aitortu behar da gizonezkoek olatu ikusgarriagoetan jarduteko ahalmena dutela. Hala ere, lehiatzen diren gizonek gero eta gehiago errespetatzen gaituzte.

Emakumea, ura eta bainujantzia. Konbinazio horretan morboa baino ikusten ez duen lizunik egongo da ba.

Baliteke, eta hori sumatzen da batzuetan Facebook-en, baina ororen gainetik oreka bilatu behar da. Ni emakumea naiz eta kirolean dena emateaz gain, polita egotea gustatzen zait.

1 Formulako pilotuek bezala, iragarkiz josita izaten duzue jantzia. Iragarki gizon eta emakume dirudizue surfean edo bodyboardean aritzen zaretenek.

Bai, hala da, baina hori gure lanaren parte da. Jabetzen naiz zeintzuk diren nire babesleak. Batzuetan aurkezpen aspergarrietan egon behar izaten dut, baina hori ere lana da.

Izan al zinen iaz Donostiako Zinemaldian Brad Pitt gertutik ikusteko edo haren sinadura lortzeko?

Ez!  Kar, kar, kar… Bai, egia da Brad Pitt gustatzen zaidala, eta argazki bat gustura aterako nuke berarekin, zergatik ez? Sinadurak, aldiz, gutxi eskatu izan ditut, pertsonaia baino lehen pertsona ezagutu nahi izaten baitut.

Eunateren Kuttunak



Liburua: El delfin: historia de un soñador
Hondartza: Asturiasko Andrin
Bodyboarderra: Neymara Carvalho
Musikaria: Ben Harper
Olatuentzako webgunea: www.windguru.com