ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUAK 10 URTE

Euskal kultura eta sorkuntza nazioartean zabaltzeko xedearekin sortu zen Etxepare institutua eta horretan diharduela 10 urte bete ditu jada.

2010eko urriaren 29an jarri zen martxan Etxepare Euskal Institutua euskal sortzaile eta eragileekin elkarlanean euskal kultura eta sorkuntza nazioarte mailan sustatu eta ezagutzera emateko. “Nazioarteko kultur trukaketak eta kalitatezko jarduera artistikoak sustatuz; sortzaile, artista eta kultur eta sektoreetako profesionalen mugikortasuna bultzatuz; euskal literaturaren itzulpengintza lagunduz; eta euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza bermatuz, asko dira urte hauetan zehar, eremu kultural zein akademikoan, egin dituen lagunak”, adierazi dute Etxepareko kideek.

Hamargarren urteurrena ekitaldi batekin ospatu zuten Donostiako Tabakaleran, lankideak eta egungo zuzendaritza bertan elkartu zirelarik. Ekitaldian Irene Larraza zuzendariak erakundearen ibilbidea ekarri zuen gogora, baina batez ere hamar urteotan euskara eta euskal kultura nazioartean zabaldu  duten horiei eman nahi izan zien hitza. Hala, hamaika sortzaile, itzultzaile eta irakasleren kontakizunak izan ziren entzungai.

Horretaz gain, testigantza horiek bilduz Kultura gureagoa da partekatzen dugunean lelopean Etxeparek kanpaina bat jarriko du martxan abenduan zehar euskara, euskal kultura eta sorkuntza partekatzearen eta ezagutaraztearen garrantzia azpimarratzkeo asmoz. Datozen bi asteetan sare sozialetan eta zenbait hedabidetan ikusi ahal izango da kanpaina hori eta www.etxepare.eus/10urte webgunean jada lagun horien bizipenak eta kontakizunak entzun daitezke.