Etxea landare exotikoz bete duzu? Ingurugiroa kaltetzen zabiltza
Bere arriskuak ditu espezie exotikoak kontrolik gabe ekartzeak, eta bertako ekosistema suntsitu dezakete.
Etxea landarez betetzeko moda indarrean dago, eta oso "ecofriendly' dirudi; airea garbitu, eta bidebatez, Instagram-eko kontua elikatzeko balio dute, traola #oihanurbanoa. Etxea berde edukitzeak ordea ez du esan nahi ingurugiroa babesten ari garenik; kontuz beraz erosten dituzuen landareekin.
Esango duzue, baina nola kaltetu dezake ingurugiroa nire etxeko salan jarri berri dudan suculenta edo aloe vera ederrak? Oso erraz; landare exotikoak erosten ditugunean ez dugu kontutan izaten landareek onddoak dituztela, eta hauek erraz zabaltzen direla landareen garraioaren bitartez. Onddoek bertako naturarekin kontaktua egiten dutenean, ekosistemak ez du tresnarik ez defentsa mekanismorik mehatxuari aurre egiteko; horren adibide dugu besteak beste gure inguruko pinuak masiboki kaltetutako Fusarium circinatum onddoaren kasua, Omako basoa bera kaltetu duena.
Fusarium circinatum onddoa.
Pinuen kasuarekin batera larrienetakoa zumarrak ia desagertzera eraman dituen grafiosiaren kasua dugu; izurrite honek ia akabatu egin du Euskal Herriko eta Espainiako zumarrekin. Arazoa Europa osora zabaldu da, izan ere, urtean 300 milioi euro mugitzen ditu landareen merkatuak. Landare gehienak Afrikatik Amerika Erdialdetik eta Asiatik ekartzen dituzte, eta kalkulatzen denez, egun 1.300 dira gure ekosistema arriskuan jarri duten espezie exotikoak. Ingurugiroa kaltetzeaz gain, izurrite hauek 12.000 milioi euroko galerak eragiten dituzte urtero.
Etxean landaretxo polit eta exotiko bat jartzekotan bazabiltza beraz, kontuan hartu landare horrek ingurugiroa suntsitzen lagundu dezakeela; aukeran, hobe inguruko landareak aukeratzea, gertu erostea edo norberak landatzea.