ETS taldeak 2025ean, BEC-en, egingo duen "ekitaldi historikoa" iragarri du

20.urteurrena eta biraren amaiera ospatu nahi dute adin guztietako publikoari zuzendutako egun osoko programazioarekin.

ETS taldeak 2025eko martxoaren 22an ekitaldi historikoa egingo duela jakinarazi du, taldearen hogeigarren urteurrena eta biraren amaiera ospatzeko. Denboraldi batez egingo duten azken kontzertua izango dela adierazi dute. Ekitaldi "historikoa" izango dela aipatu dute, eta adin guztietako publikoari zuzendutako egun osoko programazioa antolatuko dutela. "Festa polita izango da, gure historiako handiena, zalantzarik gabe. ETS gustuko baduzu, hau beste maila batekoa izango da. Esperientzia izugarria. Egin daiteken apusturik handiena", azaldu dute.

Hainbat jarduera izango dira egunean zehar, eta 20:30etik aurrera egingo duten kontzertuarekin borobilduko dute ospakizuna. Taldeak aurreratu duenez, gonbidatutako taldeak izango dira oholtzan.

Aurre-salmentan izena emateko aukera zabalik dago gaur arratsaldeko seiak arte, eta kopuru mugatua dela jakinarazi dute. Izen-ematea egiten dutenek emaila jasoko dute, eta abenduaren 18ra arte erosi ahal izango dute sarrera. Gainerakoek, hilaren 18an, astelehenean, izango dute aukera, 10:00etatik aurrera, taldearen webgunean.

BECera gerturatzeko autobus zerbitzua ere  izango da honako leku hauetatik: Altsasu, Zornotza, Arrasate, Azkitrian, Azpeitia, Bakio, Beasain, Bermeo, Donostia, Durango, Eibar, Ermua, Errenteria, Gernika, Irun, Iruñea, Lizarra, Oñati, Tafalla, Tolosa, Gasteiz eta Zarautz.