ETORKIZUNEKO LAGUNTZAILE BIRTUALAREN AHOTSAK BI GENEROAK BATUKO DITU

Garatzen ari diren proiektuan ahots neutroen, edo behintzat gizartearen aniztasuna hobeto islatzen duen ahots aldakorren aldeko apustua egiten dute.

Etorkizuneko ahotsa aldatzen ari da. 2016an Apple enpresak bere sistemaren eguneraketa berri bat aurkeztu zuen. IOS 10ak hobekuntza batzuk zekartzan eta diseinua zuzentzen zuen, baina azpimarragarriena Siri-ri eman zitzaizkion funtzionalitate berriak izan ziren. Laguntzaile birtualak ordutik ahots maskulinoz zure eskariak artatzeko aukera eskaintzen du.

Urte hartatik laguntzaile birtualek gizon edo emakume ahotsa dute, guk aukeratzen dugunaren arabera. Honek anekdotikoa badirudi ere, horrelako laguntzaileek beti emakume ahotsa edukitzeak generoaren rol kaltegarriak iraunarazi ditzake. Ziur gure buruan Siri idazkari eraginkor bat bezala irudikatzen dugula, motos batekin eta modako betaurreko pastadunekin. Alexa berriz, etxeko andre adeitsu bat bezala eta Cortana eguna gure aginduen esperoan pasatzen duen mendeko sakrifikatu bezala. Guztiak emakume ahotsean, noski.

Laguntzaile birtualek zergatik dituzte emakume ahotsak?
Errazena multinazionalei errua botatzea da, baina euren ekintzak gizartearen isla besterik ez dira. Microsoft-ek burutu zituen ikerketek erakutsi zutenez, bai gizonezko zein emakumezkoek nahiago zuten Cortanak emakumezko ahotsa izatea eta gainera emakume gazte baten ahotsa.

Produktu teknologikoak sortzerako garaian, enpresek denbora eta diru asko inbertitzen dute euren bezero potentzialek nahi dutena ikertzen, euren desioetara moldatzeko. Salmentak maximizatzea bilatzen dute, errealitatea islatzea; ez aldatzea, hein batean behintzat. Beraz, teknologiak gizakiz mozorrotzea erabakitzen duenean modu binario eta sexistan egiten du.

Inteligentzia artifiziala gure gizartearen ispilua da, bere bertute eta gabeziekin. Baina bada ahotsa altxa eta esaten duenik teknologiak gustatuko litzaigukeen ala izan beharko lukeen gizartearen giltza ere izan beharko lukeela.

Horixe diote Q proiektuaren sortzaileek ere. Honela teknologiaren munduan isilduak izan diren ahotsak hizketan jarri nahi ditu ikertzaile talde honek. Modu literalean. Filologo, ingeniari eta soinu teknikari talde bat elkartu eta laguntzaile birtualei ahotsa mutatzen dien software bat sortu dute. Honela, ahots berdina femininoa, maskulinoa edota neutroa izan daiteke.

Q proiektua Copenhague Pride eta Virtue agentzien elkarlanetik sortu da, ez dago atzea multinazional teknologikorik, beraz, zoritxarrez, zaila izango da gure smartphonetan etorkizun hurbil batean aukera hau aurkitzea.

Oraingoz asmoa enpresa handiak presionatzea da diskurtso aldaketa bat eman dadin eta ahots aniztasuna aplikatu dezaten eta honela mundu guztia islatuta sentitu. Q prototipo bat besterik ez da, bai, baina baita ahots desberdin bat koru femenino eta lagunkoien artean. Jarraitu beharreko bidea oihukatu diezaguke. Orain dela urte batzuk kontsumitzaileak ohartu ziren laguntzaile birtualek emakume ahotsa zutela soilik. Ideia hori, zararata bilakatu zen eta zarata elkarrizketa. Ideia enpresa handietara iritsi zen. Ea Q-ren ahotsa, zarata soil izatetik aldarri izatera igarotzen den, eta etxe orratzen goialdean dauden multinazionalen belarrietaraino iristen den.