Etorkizunean depresioa izateko arriskua lau urte lehenago igarri dezakeen adimen artifiziala garatu dute Txinan

Txinako ikertzaileek depresio-nahasmendu nabarmenak iragartzeko gai den biomartzaile konputazional bat garatu dute, eta gazteen artean egin dute azterketa.

Txinako Shenzhen unibertsitateko ikertzaile talde batek depresioa izateko arriskua lau urte lehenago igarri dezakeen adimen artifiziala garatu du. Garunak beste pertsona batzuen aurpegi-adierazpenak nola interpretatzen dituen aztertzen du sistema horrek, eta etorkizunean depresio-nahasmendua izateko patroiak hautematen saiatzen da. 

Lu Hanek, Shenzhen unibertsitateko Adimen Artifizialeko Eskolako irakasle laguntzaileak, zuzendu du ikerketa. IMAGEk bildutako datuetan oinarritu zuen ikerketa, Europako hainbat herrialdetako nerabeen artean egindako azterketa bat tarteko. 19 urte zituztenean, erresonantzia magnetikoa egin zieten parte-hartzaileei, hainbat emozio adierazten zituzten aurpegiak behatzen zituztela, eta ondoren, haien sintomak ebaluatu zituzten galdetegi estandarizatuen bidez. 23 urte bete zituzten arte egin zieten jarraipena, depresio zantzurik garatzen ote zuten jakiteko. 

Ikerketaren bidez ondorioztatu dutenez, depresiorik ez duten pertsonek azkar antzematen dituzte besteen aurpegian gertatzen diren aldaketa emozionalak, eta, beraz, adeitasunez erreakzionatzen dute, adibidez, irribarre baten aurrean. Depresioa dutenek, aldiz, besteak haiekin haserre daudela interpretatzen dute. Hori dela eta, zientzialariek haserre-adierazpenak aztertzen jarri zuten arreta. 

Ikaskuntza sakonaren eredu bat garatu zuten. Horrek garunak informazio bisuala nola prozesatzen duen erreproduzitzen du, eta kode emozional abstratu bilakatzen ditu. Ikerketaren bidez ateratako ondorioen arabera, aurpegiak ikusita emozio edo oroitzapen negatiboetara jotzeko joera zuten gazteek zuten depresio motaren bat garatzeko arriskurik handiena. Horretaz gain, jabetu ziren
aldez aurretiko joera hereditarioak eragina duela pertsona batek besteen emozioak hautemateko moduan.
 
Biokomarkatzaileak familia-estres eta faktore sozioekonomikoetatik indenpendentea den informazio prediktiboa eskaintzen du, nahiz eta ez dituen ingurumen-arrisku horiek ordezkatzen. Ikerketa buruak nabarmendu du depresioa ez dela kausa bakar baten ondorio, genetikaren, garunaren garapenaren eta bizi-esperientzien arteko interakzioaren ondorio baizik
 
Ikerketak izandako emaitzak balioztatu ahal izateko beharrezkoa izango da azterketa adin ertaineko helduekin eta hainbat talde etnikotako pertsonekin egitea. Haien iritziz, azterketa onek pertzepzio robotikoko sistemen garapena bultza lezake, gizakien emozioak interpretatzeko duten modua fideltasun handiagoz errepikatzeko gai izango liratekeenak, aurpegi-seinale sotiletatik abiatuta egoera emozionalak hautemateko.
 
332 milioi pertsona depresioarekin
Munduko Osasun Erakundeak emandako datuei erreparatuta, munduko biztanleen % 4k pairatzen du depresioa, 332 milioi pertsona gutxi gorabehera. Helduen % 5.7k eta 70 urte edo gehiagoko helduen % 5.9k izaten dute depresioa.
 
Depresioa ohikoagoa da emakumeen artean,  eta haurdun dauden edo erditu berri diren emakumeen % 10ak baino gehiago izaten du depresioa. 2021ean 727.000 lagunek bere buruaz beste egin zuten, eta 15-29 urte artekoen artean hirugarren heriotza kausa nagusia da. 
 
Errenta altuko herrialdeetan, depresioa duten pertsonen heren batek bakarrik jasotzen du osasun mentaleko tratamendua.