ETB1eko aurpegi ezagunak bilduko ditu 'Biba 2022!' saioak urtezahar-gauean

'Goenkale'-ko aktoreak, 'Sorginen Laratza' saioko aurkezleak, 'Martin' telesaileko protagonistak eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak izango dira urte berriari ongietorria ematen.

Euskal Telebistak 40 urte beteko ditu 2022an eta ospakizun handia egiteko asmoa dute, telebistaren ibilbidearen oroitzapenetan murgilduta. Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuko duten Biba 2022! galarekin emango diote ongietorria bihar urte berriari, 22:35etik aurrera. Saioak bi zati izango ditu, gauerdiko kanpaien aurretik bata eta haien ondotik bestea. Lehenengoan, ETBren euskarazko kanalean ezagun egin diren lagun asko bilduko dituzte, 50 gonbidatu baino gehiago, haietako asko aspaldian elkartu gabeak, hala nola Goenkale telesail ezaguneko aktoreak, Sorginen Laratza saioko aurkezleak, Martin telesaileko protagonistak, eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak. 

Gauerdia pasatu eta gero, 2022ko kanpaien saioaren ondoren, musika izango da nagusi. Belaunaldi eta giro ezberdineko musikariak elkarrekin kantuan arituko dira, esate baterako, Egan taldeko Xabier Saldias eta Chill Mafiako kideak. Gozategi, Bulego, Iñaki Ortiz de Villalba, Xabier Solano, Olatz Salvador, Zuriñe Hidalgo, Drindots taldeko Jon Urdangarin, eta AMAK taldea ere, besteak beste, arituko dira. Aurrez aurre egon ezin izango dutenen zorion-bideoak ere izango direla iragarri dute. Gainera, 2022an ETBren ereserkia bihurtuko den Euskal Telebistak 40 urte kanta berria estreinatuko dute, Biba Zuek! saioko taldekideek abestuta.

Kanpaiak Gasteiztik
Biba 2022 galaren tartean, 23:40 aldera, kanpaien zuzeneko emankizuna eskainiko dute Gasteiztik. Aurrerantzean emanaldia bertatik egingo dutela jakinarazi du EITBk. Yerai Diaz Gaur Egun albistegiko gaueko edizioaren aurkezleak, Ainhoa Etxebarria Zurekin Bat lehiaketaren aurkezleak, eta Aitziber Garmendia aktoreak gidatuko dute Kaixo 2022 saio berezia. ETB1en ez ezik, eitb.eus-en ere izango da ikusgai. Kanpaien ondoren su artifizial saio batekin emango diote hasiera urte berriari EITBko bi telebista kateek, eta sei aurkezleek elkarrekin itxiko dute saioa, 2022ari ongietorria emanez. Horretaz gain, "sorpresa handi bat" ere izango dela iragarri dute. 

Gaueko saio berezien atarian, 20:45ean, 2022ra bidean Go!azen musikaz betetako saioa emitituko dute eta, jarraian, Piztu telebista programaren edizio berezia izango da.