Eta hau guztia esperimentua balitz?
Azken egunotan gizartean ikusi ditugun hainbat jokabide bitxiak izan dira, ikertzeko modukoak.
Inoiz Sims jokoarekin jolastu baduzue, ziur egunotan sentitu duzuela antzeko jokoren baten sartuta bizitzearen sentsazioa. Azken hilabeteetako gertaerak liburu ala film bat inspiratzeko modukoak dira (eta ziur etorriko direla honetan oinarritutako istorioak); birus batek egun batetik bestera mundua atzekoz aurrera ipini du, eta alarma egoera batera eraman du gure egunerokotasuna; behin birusaren kurba lasaitzen hasi denean ordea, jokaera bitxiak sumatzen hasi gara.
Itxialdiaren amaieraren hasiera maiatzaren 2an hasi zen; egun horretan ordu batzuk "eskaini" zizkiguten paseatzeko eta kirola egiteko. Denok atera ginen euforia puntu batekin, bi hilabetez etxean gordeta egon ondoren. Egun horretan uste genuena baino korrikalari, txirrindulari eta bestelako kirolari gehiago zeudela ikusi genuen harriturik.
Kirolarekiko euforiak aste batzuk iraun ditu; horrela ikusi ditugu gurasoak haurrekin bizikletan, patinetan ala bestelako ekintza fisikoetan, 70 urtetik gorakoak nordic walking praktikatzen eta gainontzeko guztiak ahal bezainbeste gorputza mugitzen. Tabernak ireki dituzten arte.
Virus?? Quin virus? Barceloneta aquest matí. #Barcelona #COVID19 pic.twitter.com/KujClQxne3
— Raul Gallego Abellan (@raulgaab) May 18, 2020
Kirolarekiko sukarra nabarmen jaitsi da egunotan, eta soilik itsasoan egindako kirolak mantendu dira nahiko masibo, dela surfa, igeriketa, piraguismoa ala paddle surf-a. Baina benetako kirola terrazetan mahai libreak topatzea bilakatu den egunotan, batek pentsatu dezake, ez ote gara egiten ari esaten diguten hori? Hau da, kirola egiten hasi gara horretarako baimena eman digutelako, orain tabernak betetzen hasi gara baimen hori eskuratu dugulako, eta abar... Sim jokoan bezala, buruan erronbo berde bat zintzilik eramango bagenu bezala. Gizarte otzan eta esanekoa bilakatu gaituzte?