Estricalla: bilatu eta suntsitu!
Estricalla aragoieratik hartutako hitza da eta "suntsitu" esan nahi du euskaraz. Baina gehiago ere bada: Euskal Herriko hardcore eszena lehertu duen egitasmo interesgarria duzue. Fernando Apoa (El Corazon del Sapo, Kuraia) taldekidearekin izan gara.
Proiektuaren atzean eskarmentu handiko musikariak daude: Fernando (El Corazon del Sapo, Kuraia) eta Kloakao taldea. Oraingoz ez dira talde formal bat, ez dute zuzenekoak emateko asmorik, eta apirilaren 30ean binilozko maxi batekin aurkeztu ziren jendartean: Gimnasia revolucionaria.
Maxia baino, 6 abestiz osatutako musika leherkari bat da. Abiada biziko kantuak dira, 80ko hamarkadako hardcore onenaren harian. Bost propioak eta seigarrena SNFU kanadar talde handiaren bertsioa, Okene Abregok (Bap!!, Inoreneroni) euskaraz abestua. Kantuok urtarrilean grabatu zituzten Mikel Anestesiarekin Zarauzko Fidelenea estudioan, eta lagun arteko giro paregabean.
Izan ere, diskoari darion indarrarekin batera, kolaboratzaileak dira beste ezaugarria: kantuetako bi Xabier Silveirak idatzi ditu, euskaraz bata eta gaztelaniaz bestea; El Corazon del Sapoko Gillermok gitarra jo du zenbait abestitan; Kop taldeko Juanrak lehen kantuari ahotsa jarri dio eta baita Okene Abregok ere, lehenago aipatutako bertsioari.
Izenari dagokionean, aragoierari egindako keinua izan dela aipatu digu Fernandok. Izenburua, berriz, Espainiako guda zibilaren aurretik burgesiaren aurka borrokatzen zuten anarkistei eta iraultzaileei omenaldi modukoa da: "egiten zituzten sabotaje eta ekintzak gimnasia revolucionaria izenez bataiatzen zituzten. Disko hau eta taldea bera ekintza modukoa dira; ekintza musikala, baina ekintza. Hitzak irakurtzerakoan, entzuleek ulertuko dute zertaz ari naizen: zuzenak dira eta amorruz beteta daude".
Binilozko diskoa taberna, gaztetxe eta ohiko tokietan eskura dezakezue 10 euroren truke. CD formatuan ere kaleratuko dute, baina aurrerago. Gotorlekua utzi eta kalera ateratzeko sasoia da, ariketa iraultzaileen garaia, Estricallaren txanda.