Esti Curielen antzezlana Gasteizen gaur

Familian emakumeek pairatzen duten maldizioa du ardatz antzezlanak, eta hainbat gai jorratzen ditu umoretik.

Irri Barra Gauak zikloaren baitan izango da gaur Esti Curielen 35 huts antzezlana Gasteizko Falerina lorategian, 20:00etan. Berrogeita hamar minutuko iraupena izango du ikuskizunak.

35 urte beteko dituen Asun da protagonista, bere familian belaunaldiz belaunaldi emakumeek pairatzen duten maldizio bat tarteko, beldurtuta dagoena. Maldizioari aurre egiteko erantzunak behar ditu eta amona Salvadorarengana joko du baina harek gehiago nahastuko du, irratinobelak xurgatu duelako amona. Hainbat gai jorratzeko bide ematen du istorio honek, tartean maitasuna, heriotza, ametsak betetzea eta amatasuna. Aitziber Garmendia, Miren Gojenola eta Esti Curielek idatzia da testua eta Gojenolak zuzendua. 

Edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak eskuratu behar dira aurrez online edo oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita. Lagun bakoitzak bi gonbidapen eska ditzake.