Esther Ferrerren performance tailerra Gasteizko Montehermoson
Artista Donostiarrak abanguardiatik aritu da sortzen 60ko hamarkadatik. Feminismoarekin eta anarkismoarekin lotu izan dira bere lanak. Sari garrantzitsuak irabazi ditu, baina beti bere bidea eginez.
Esther Ferrer (Donostia, 1937) performance-aren aintzindaritzat hartzen da bai Euskal Herrian eta baita Espainian ere. 60ko hamarkadan ekin zion bere ibilbide artistikoari Jose Antonio Sistiagarekin batera haurrentzako lehen adierazpen libreko akademia sortuaz. Hurrengo hamarkadan Walter Marchetti eta Juan Hidalgorekin batera Zaj taldea sortu zuen. Talde honek abanguardiako musikaren inguruan eta Dadaismoaren eraginpean ekin zion bideari, nazioarteko Fluxus taldearekin edo John Cage musikagile handiarekin harreman sendoak egin zituen urteen joanarekin, eta 1996an desagertu zenerako diziplina artistiko guztiak zituen landuta.
Bakarka ere ibilbide interesgarria egin du Ferrerrek. Denboraren joana, espazioa eta bertan gizakiak duen presentzia izan ditu oinarri. Argazkiak, instalazioak eta zenbaki lehenetan oinarrituriko koadroak landu ditu batez ere. Beti ere publikoaren erreakzioa bilatzen duten mezuak, feminismoa eta anarkismoarekin lotu izan direnak, helaraziaz. Hainbat sari ere jaso izan ditu, besteak beste Espainiako 2009ko Arte Plastikoen Sari Nazionala.
Irailaren 1etik aurrera eman daiteke izena, eta hamabost lagunentzako izango da tokia. Tailerrak, berriz, irailaren 26tik 30era emango dira, Gasteizko Montehermoson. Zentroko hainbat eremu erabili ahalko dituzte ikasleek eta erakusketa irekia izango da nola lan egiten duten ikusi nahi duenarentzat. Ez da inor aspertuko Ferrer berarekin soilik ikuskizuna bermatuta baitago.