Espainiako Vueltak protestekin egingo du topo Euskal Herrian
ESAITek elkarrateratzeak eta 15.000 afitxa prestatu ditu Bilbo eta Gasteizko etapetarako. Irailaren 9an eta 10an tokatzen dira hauek urrenez-urren. Mozioak Udaletxeetan, Gasteiz-Bilbo euskal pedalkadak bizikleta martxa irailaren 3an... Hainbat gizarte eragilek euren babesa eskaini diete ekimen hauei.
1994ean Iruñean Vueltako etapa bat amaitu zenetik lehen aldiz, bi etapa amaituko dira Euskal Herrian: irailaren 9koa Noja-Bilbo eta irailaren 10ekoa Bilbo-Gasteiz. Bere esanahi sinbolikoa zela eta Frankismoaren azken urteetan protesta biziak eta hainbat sabotaia ekintza jasan zituen probak euskal lurretan, eta Iruñearako sartu irten horren salbuespenarekin hiru hamarkadatan ez da bertara agertu. Jaurlaritzak, normaltasunaren mesedetan omen, aurten berriro ekartzea erabaki duen arte.
'Txirrindularitzari BAI, Inposaketari EZ, Euskal Herria, NAZIOA' lelopean atzo aurkeztu zituen ESAITek burutu asmo dituen ekimenak. Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatzeko nagusiki hiru ildo jorratuko dituztela adierazi zuten: instituzio mailan, kirol mailan eta herri mailan.
Intituzioei dagokienez Vueltaren ibilbideak zeharkatzen dituen Udal guztietan mozio politikoak aurkeztuko dituzte. 200 kilometro inguru egingo ditu itzuliak Bizkaia eta Araban; mozio mordoxka izango dira bada.
Kirol mailan Gasteiz-Bilbo euskal pedalkadak bizikleta martxa aurkeztu dute. Irailaren 3an egingo dute eta ESAITek adierazi duenez "Ez da ohiko zikloturista martxa izango, herriz herri jai giroan lekukoa pasatuz joango den bizikleta martxa aldarrikatzailea baizik". Martxaren berri gehiago urrengo asteetan emango dute euren webgunean.
Herri mobilizazioari dagokionean hainbat elkarretaratze antolatu dituzte Vuelta inguru hauetatik pasatzen den egunetarako. Eta deialdi zehatz hauetaz gain itzulia pasako den herri zein mendietan etapa ikustera gerturatzen den jendeari 'Euskal Herria Nazioa' aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko eskatuko diete. Eta horretarako aldarrikapen hori jasotzen duten 15.000 kartel doan eskaintzeko asmoa ere zabaldu dute.
Girotxoa izango dugu, bada, egun horietan Vuelta dela eta ez dela. Nazioarteko komunikabide ugari biltzen dituen kirol proba da Vuelta; ziurrenik sekulako jendetza bilduko da protestetara... Gainera proba puri-purian egongo da egun horietan, Gasteizkoa azken aurreko etapa izango baita. Eta ez dira Vueltaren aurkako protestak antolatzen ari diren bakarrak.Bai Euskal Herriari elkarteak esaterako '¡Que se den la vuelta!' kanpaina abiarazi du sarean. Horrelako saltsa ez dago galtzerik!!
Elkarretaratzeak Vueltaren ibilbidean
Irailaren 9an 14:00 Lan Muñekas gainean, lasterketa Kantabriatik Bizkaiara pasatzen den gunean.
Irailaren 9an 16:00 Bilbon etaparen amaieran.
Irailaren 10ean 11:00etan Bilbon etapa hasiera.
Irailaren 10ean 16:00 Gasteizen etapa amaieran.
Deialdiekin bat egin duten eragile sozialak
Esait, Bai Euskal Herriari, Euskal Herrian Euskaraz, Anitzak, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, Gazteherria, Ikasle Abertzaleak, Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna, Alternatiba, Aralar, LAB, EHNE, Hiru, Gernika Batzordea, Euskal Herriak Bere Eskola, Askapena, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Albertiarrak, Elkartzen, Sare Antifaxista eta Euskal Herria Kirola.