Espainiako Estatuko MIN sarietan izena emateko epea zabaldu dute

2023an lanen bat publikatu duten artistek izena emateko aukera izango dute. Euskarazko album onenaren saria ere bada.

Espainiako Estatuko Musika Independentearen Sarietan, MIN, hautagaitza aurkezteko aukera dago otsailaren 8ra bitarte. 2023an diskoa, EPa edo singlea kaleratu duten artistek eman dezakete izena.

Hainbat kategoria izaten dira sarietan: disko onena, abesti onena, urteko artista, artista berri onena, bideoklip onena, zuzeneko onena... Gainera, euskaraz eginiko albumik onena ere sarituko dute, Etxepare Euskal Institutuak babestuta. Katalanez eta galegoz egindako diskorik onenari ere emango diote saria. Iaz, Niña Coyote eta Chico Tornadok eskuratu zuten euskarazko album onenaren garaikurra.

Izen emateko epea amaitzean, kategoria bakoitzeko hamabost hautagaitza izango dira eta bozketa irekiko dute, publikoak bost gustukoenen alde botoa emateko aukera izan dezan. Gero, epaimahai profesional batek izendatuko ditu aukeratuak.

Sari banaketa apirilean izango da baina lekua ez dute oraindik iragarri.