Espainiako Estatuko hiru nerabetatik batek kontrol digitala jasan du bikotekidearen aldetik
Mugikorra begiratzea, sareetako jarduna aztertzea eta halako praktikak uste baino ohikoagoak dira bikote nerabeen artean.
Red.es eta UNICEFek Infancia, adolescencia y bienestar digital (Haurtzaroa, nerabezaroa eta ongizate digitala) izeneko txostena egin dute. 10 eta 20 urte bitarteko Espainiako Estatuko 93.153 ikaslek erantzun dute galdetegia, 2024ko azarotik 2025eko ekainera arteko tartean.
Hainbat alorretako datuak jaso dituzte, tartean indarkeria digitalari buruzkoak. Txostenaren arabera, bikotekidea duen edo izan du hiru nerabetatik batek indarkeria digitala jaso du maiztasunez, gutxienez hilean behin.
Azaltzen duten moduan, "bikotekidearen indarkeria digitala harreman afektiboetako indarkeriaren adierazpena da, eta baliabide teknologikoen bidez gauzatzen da. Kontrol jokabideak, mehatxuak, xantaiak, informazioaren edo irudi pribatuen baimenik gabeko hedapena, eta kaltetutako pertsonaren autonomia, intimitatea eta ongizatea mugatzen duten beste jazarpen modu batzuk ere barne hartzen ditu".
Jokabide ohikoenak sare sozialetako lagunak kontrolatzea, gailu digitalak une oro non edota norekin dagoen jakiteko erabiltzea, eta baimenik gabe mugikorra begiratzea izaten dira. Ehunekotara ekarrita, hauek lirateke emaitza zehatzak: sare sozialetan lagunak kontrolatzea (% 21,8); gailu digitalen bidez kontrolatzea (% 14,2); baimenik gabe mugikorra begiratzea (% 14,1.); Interneten informazio pribatua zabaltzea (% 8,9); sareetan fisikoki erasotuko duela mehatxu egitea (%5,9), eta bikotekidea molestatzeko profil faltsuak sortzea % 2,6.
Mota honetako jarrerak orokortuak diren arren, neskek gehiago pairatzen dute mutilekin alderatua, % 32,7 eta % 29,7 hurrenez hurren. Batxilergoan (% 34,4) eta FP garaian (%43,6) ematen da gehienbat.
Indarkeria izan arren, sarritan ez da hala denik uste izaten. Nerabe askorentzat jokabide horiek interesaren edo zaintzaren erakusgarri izaten dira, eta ez zaizkie abusuzkoak iruditzen. Gaztetxotatik jokaera ez osasuntsuak normaltzat hartzeak heldu izatean ere halakoak onartzea ekar lezake.