Eskultura-bidea osatu du Marmau elkarteak bigarren urtez Hazparnen
Iaz sortutako ekimenak gorputza hartu du bigarren urtez Haparneko Elizaberri auzoan: bost kilometroko ibilbidean hainbat artistak borondatez lagatako eskulturak jarri ditu Marmau elkarteak, paisaia edertuz eta inguruneari ukitu bereizgarria emanez. Maiatzetik irailera izango dira ikusgai.
Hazparneko inguru ederrak are gehiago apaindu eta parajeak ikusle berriengana gerturatzeko asmoz, Marmau kultur elkarteko lagunek eskulturaz jantzitako ibilbidea egin zuten iaz lehen aldiz Hazparneko Elizaberri auzoan. Orduko hartan 17 artistaren lanak ezarri zituzten, haien borondatez emanak, eta hainbat hilabetez aire librean jarrita egon ziren, eguraldiaren eta pottoken joan-etorrien menpe.
Hilabete gutxiko epean mila bisitari inguru hurbildu ziren, eta beraz, ekimenaren arrakasta ikusirik, aurten bigarren urtez apainduko dute bost kilometro inguruko bidea. Deialdia eginda, 26 artistaren proposamenak jaso dituzte, eta iazko kopurua gainditu dutela ikusirik, pozik dira antolatzaileak. Urrats txiki bakoitzak, ekarpen bakoitzak, egiten baitu proiektu hau handi eta egingarri.
Jarduera sorta
Baina aurtengoan, iaz baino bisitari gehiago jasoko dituztelakoan, ibilbideaz gain beste hainbat jarduera ere prestatu ditu Marmau elkarteak. Besteak beste, bisita gidatuak, haur eta helduentzako bisita ipuinduak eta antzerki emanaldiak eskainiko dituzte.
Ibilbidearen estreinaldi handia bihar, maiatzaren 1ean, egingo dute. Bertaratuek zizka-mizkak dastatu ahal izango dituzte eta elkarteko kideekin solastu, proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko.
Eguraldia lagun, bihar ez bada, datozen hilabeteetan ere izango da ibilbidea egiteko aukera, aprobetxatu!