Eskuahaldunak-Azken Muga kolektiboaren laurogeita bat eskulturaz osatutako erakusketa ipini dute Iruñean
Sormen prozesuaren aniztasuna eta zailtasunak islatu dira erakusketan.
Eskuahaldunak-Azken Muga eskultore elkartearen 81 kideren lanak bildu dituzteTopaketak 2022: Eskultura erakusketan. Pieza guztien artean hogei bat lan dira artista nafarrenak. Hainbat teknika eta material ikus daitezke, aurtengo piezak zein zaharragoak, 72ko nazioarteko jaialdiaren "espiritu abangoardista gogora ekarri eta birsortzeko eta eskulturaren egungo indarra agerian uzteko" asmoz.
Askotariko materialak erabili dituzte lanetan: zura, harria, burdina, beira, zuntza, aluminioa, zein mendiko elurra. Heterogeneotasuna artisten adinean ere bada, sortzaile gazteak zein beteranoagoak baitaude. 81 artisten artean daude, besteak beste, honako hauek: Irena Zarranzena, Vicente Larrea, Amaia Conce, Angel Navas, Faustino Aizkorbe, Iker Sanz, Koldobika Jauregi, Maite Canto, Mikel Lertxundi, Olatz Pereda, Ramon Roteta, Susan Bart, Uxue Lasa eta Virginia Bosch.
Erakusketa Mistoen Eraikineko lehen solairuan izango da ikusgai irailaren 11ra bitarte. Ziudadelako ohiko ordutegian bisitatu daiteke, asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Igande eta jaiegunetan, berriz, 11:30etik 13:30era izango da zabalik.
Bestelako erakusketak Ziudadelan
Ziudadelan beste erakusketa batzuk ere badira ikusgai, hala nola, Florencio Alonso artista nafarraren Ibilbide esperimental baten laburpena. 1995-2020, Mistoen eraikineko beheko solairuan; Naroa Armendarizen Tinta txinatarra eta Metabertsoa: K.a. 2500-K.o. 2500, Bolborategian, eta Patxi Araujoren Ehime Daruma instalazioa, Labean.