Eski denboraldia ez da amaitu Kurdistanen

Ipar eskia Mesopotamian? Euskaldunok garbi genuen, baita kurduek ere!



"Belaunak jaitsi, besoak aurreratu eta... bagoaz!" Aurtengo neguan ehunka ume eta heldu hurbildu dira Penjwinera; kontrabandista andanagatik eta negu gorriengatik ezaguna ohi zen herri kurdu ttipira. Egun, ordea, gero eta handiagoa da Irakeko lehen eski eskola ezagutzeko grina.

"Sekulako lana izan da honaino iristea, baina merezi izan duelakoan nago". Igor Urizar da Penjwingo Eski Eskolako bultzatzaile nagusia. Nekez ezkuta dezake poztasuna. Edonola, honainokoa ez omen da txango erraza izan, inondik ere. "2009an izan zen nire lehen saiakera, Baskale herrian –Turkia mendeko Kurdistan–", gogoratu du 37 urteko durangarrak. "Elur baldintzak ezin hobeak ziren baina Turkiako polizia gainean neukan etengabe. Susmagarria oso iruditzen zitzaien mugako herri hartan mendebaldar bat egotea. Iritsi eta astebetera ospa egin behar izan nuen."

Euskal Herrian bueltan, Tigris Elkartearengana jo zuen Igorrek. Kurdu eta euskaldunek Iruñean sorturiko taldeak proiektuari eusteko gomendatu zion, baina Irakeko Kurdistanen oraingoan. Izan ere, 1991z geroztik euren eskualde autonomoa kudeatu dute hango kurduek. Bete-betean asmatu zuten. "2010ko neguan iritsi nintzen Penjwinera, Irakeko Kurdistanen eskiatzeko balizko eremu bila nenbilela. Euskal Herritik hainbat eski pare neramatzan, nahikoak alkate eta herritarrei proiektua azaltzeko", gogoratu du Urizarrek. Etxera bueltatu eta, Tigrisen laguntzaz, aurreneko 50 eski ekipamenduak iritsi ziren Penjwinera.

"Gerrak gogor zigortutako eskualdea da, Iran eta Irak arteko mugan", azaldu du Manuel Martorellek. Ekialde Hurbilean kazetari aditu eta Tigriseko kide denak dio eski eskola martxan jartzeak Penjwin "itxuralda" dezakeela. Onerako, jakina.
Egitasmoaren hatsarretik aritu da Martorell lanean. Pausu garrantzitsuenetako bat Kurdistango delegazio bat Euskal Herrira ekartzea izan zen, 2012an; helburu nagusia: Erronkari eta Zaraitzu bailaretan garatzen den Aste Zuria proiektua gertutik ezagutaraztea. Urtero, eta hamalau astetan zehar, Nafarroako 5.000 haur eta gaztek Belagoa eta Abodiko pistetan eskiatzen dute astebetez. Bisitariek biziki baloratzen dute ekintza, bai eta Zaraitzu nahiz Erronkariko biztanleek ere. Ez da harritzekoa, bailara hauetako sostengu ekonomiko garrantzitsuenetako bat izan baita azken 30 urtez.

Bost kideko taldea etorri zen Kurdistandik iaz, tartean, Penjwingo alkatea eta Suleimaniako Kirol Fakultateko zuzendari Ali Kader Othman. Azkenak GAZTEZULOri azaldu zionez, negu kirolak unibertsitateko curriculumean txertatzeko asmoa du.  Falah Salah izan zen Othmanen bidaideetako bat; Kurdu Gobernuko langilea da eta, bisitaz geroztik, baita Tigriseko kidea ere. "Epe luzean, Nafarroan garatzen duzuen Aste Zuria egitasmoa inportatu nahi genuke Kurdistanera", aitortu zuen Salahk. "Izaba bezalako mendiko herri bati halako garapen jasangarria ekarri badio, zergatik ez Penjwini?"

Aitzindariak
"Garapen jasangarria" bota zuen kurduak, eta huraxe zen, hain justu, Urizar ameslariaren ardatza. Ez joan teleaulki, arrastre edo bestelako burnizko tramankuluen bila Penjwinera, bi futbol zelairen zabalerakoa baita bertako eski gunea, muino leunek inguratzen duten plateau batean. "Mugako herria denez, pertsonen kontrako lehergailu ugari dago inguruan", aitortu du Urizarrek, Penjwingo eski gunea "erabat garbi" dagoela baieztatuz aldi berean.

Rania herriko Dlosh Fatah heziketa fisikoko irakasleak herri honen itxuraldaketa ikusi du azken bi urtez. 2012an jantzi zituen eskiak lehen aldiz Igorrekin eta, aurten errepikatu ez ezik, Euskal Herrira etortzeko aukera ere izan du 25 urteko neskak. Apirileko lehengo astean lau gazte kurdu hartu ditu Erronkari Ibaxako Eski Eskolak. Urizarrek Dlosh eta beste gazte kurduei pasako die lekukoa datorren urtean, kurduek euren kasara Penjwingo Eski Eskola kudeatzea baita ahaleginaren azken pausoa.

"Jakin badakit teknika asko hobetu behar dudala baina, momentuz, azken bi urteotan ikasitakoa ume kurduei igorri nahi diet", dio Fatahk, Erronkariko Eski Eskolak emandako diploma eskuan duela. Txia Hassanek ere harro jaso du ziurtagiri bera. "Piriniotara ipar eskiak ekarritako garapena ikusteko parada izan dugu, alderdi guztietan", dio 31 urteko Hassanek. "Guk lehen urratsak besterik ez ditugu egin, baina bisita honi esker noraino irits gaitezkeen jakin badakigu jada."

Eta, antza, ez da horretaz jabetu den bakarra, bertako telebista eta egunkariek mugaz gaindi eraman baitute Penjwingo eski eskolaren izena. Fatah Salahk dioenez, Sardasht herriak –Iranen mendeko Kurdistan– gonbita luzatu dio Tigrisi, elur proiektua bertan aurkez dezan. Salahk dio gogotik joango dela "mugaren beste aldeko anaia kurduengana". Edonola, lehentasuna ematen dio egitasmoa Irakeko Kurdistango beste bailaratan zabaltzeari. "Kandil mendikatea da, zalantzarik gabe, elur baldintza onenak eskaintzen dituena", azaldu du. "Ankara eta PKKko kideen arteko bake prozesua garatzekotan, inoiz bertan eskiatzeko aukera izango da". Turkia, Iran eta Irakeko mugek topo egiten duten tokian dago Kandil, Kurdistango bihotz geografikoan. Momentuz, bertako 3.000 metroko gailurrak gerlari kurduen aterpe dira, munduko zonalde ezegonkorrenetako baten gainean, hain zuzen. Jada 30 urtez luzatu den gatazka armatua baretzekotan, eskien hotsek eta umeen algarek isilaraziko dute bala eta bonben zalaparta, "oraindik aurkitzeke dagoen paradisuan", Salahren hitzetan.

Elur haiek zapaldu zain, Urizarrek maiz gogoratzen du norbegiarrek ekarri zutela eskia gurera, XX. mende hasieran. Atzerritar haien trebeziak aho bete hortz utzi zituen Aralarrera inguratzen ziren euskaldunak, eta berehala sortu zen Ski Club Tolosano taldea, izaera honetako lehen elkartea Euskal Herrian eta espainiar estatuan. Nekez pentsa zezaketen eskandinabiako aitzindari haiek inoiz Mesopotamian kimatuko zenik beraiek landatutako hazia.