Eskerrik asko!

15 urte bete ditugu. Hara, atzera begiratu eta gogoratu 15 urte izan zenituen garai hura.



Zenbat aldaketa, zenbat ilusio gauza berriak probatzeko, zenbat gogo zeure izaera propioa izan eta ibilbide propioari ekiteko. Hala, uneak eskatzen duen legez, gu ere errotiko aldaketekin gatozkizue.

Ibilbide hau guztia hamaika laguni esker izan da posible. Hasteko, Euskal Herriko gazteok geuretzako eta geure hizkuntzan egindako komunikabiderik ez genuela jakitun, lehen urratsa emateko ardura eta ausardia izan zuten Bagera Donostiako Euskaltzale Elkarteari eta orduan astekaria zen Irutxuloko langileei esker. Eskerrik asko. Aldizkari dibertigarria, lotsagabea, koloretsua zen Gaztetxulo; ai ama azal haiek!

Lehen urteak inoiz ez dira errazak, baina ilusio, gogo eta erantzukizunez beteta, proiektua sendotu eta egongortu zuten zazpi urtetan. 2007an, GAZTEZULOk hartu zuen lekukoa. Sexuak, teknologia berriak, drogak, kultura eta beste hamaika kontu, gazteon hizkuntzan, euskaldunon hizkuntzan.

Eskerrik asko, era berean, gure orriak titular mamitsu, kitzikagarri eta barregarriz bete dituzuen protagonista guztioi, zuen mezuak zabaltzeko guregan konfiantza jarri duzuen enpresa, erakunde, elkarte, eragile zein norbanakooi eta, nola ez, gure kolaboratzaile kuttunei. Familia zabal horren babesik gabe umezurtz ginateke.

Eta, batez ere, agortzen ez diren eskerrak, besarkadak eta musuak urte hauetan guztietan harpidedun eta irakurle izan zaituztegun horiei; zuetako bakoitzaren esku artera iristen garenean sentitzen dugu gure lanak merezi duela.

Eta orain zer? Orain pasa orriak. Pasa goizak, arratsaldeak eta gauak gure konpainian, hurbileko zein urruneko protagonistekin solasean. Eta pasa daitezela urteak, eta jarrai dezagula zuen alboan. Espero dugu zuek ere jarrai dezazuela gure aldamenean.