Esanezinen eta Sara Azurzaren kantu berriak entzun al dituzu?
Azurzak datorren astean argitaratuko du disko berria, eta Esanezinek udazkenean.
Esanezinek Kanturik ez bada izeneko singlea argitaratu berri du, udazkenean kaleratzeko asmoa duen hirugarren diskoaren aurrerapena. Igande goiz batean, "aje emozionalari eta Whatsapp mezuei tiraka" sortutako kantu bat dela kontatu du Ianire Aranzabek. "2024ko urtarrilaren 14an Leire Leturiarekin Whatsappez hizketan ari nintzela idatzitako kanta; zer gauza handia ondoan duzunak kantak idazteraino hunkitzen zaitunean", azaldu du artistak sare sozialetan.
Igande hartako testuinguruari zor omen dio abestiaren sorrera eta, hori dela eta, giro hura gorde nahian, ekoizpenak eta grabaketak organikotasuna eta minimalismoa izan ditu oinarri, elementu eta detaile txikie lekua eginda. Etxean grabatu du Iñigo Asensiorekin eta ondoren Iñaki Llarenak nahastu du.
Biharamunak ekarritako hutsune eta hotzikarei erantzun nahian, galdera bat egiten du Esanezinek: "Nundik hasiko gara, gaur kanturik ez bada?". Imanol G Gurrutxagak zuzendutako bideoklipa ere badu kantuak.
Sara Azurzaren disko berria ate-joka
Sara Azurza donostiarrak Hiri Ilunen Umeak izeneko bigarren diskoa datorren ostiralean, maiatzaren 30ean, plazaratuko du. Azurzak azaldu duenez, "ilusio, denbora eta mimo handiz egindako zortzi abestiko bilduma" izango da. Soinu berrien bilaketan aritu da eta indie soul elektronikoaren fusioa topatuko du bertan entzuleak. Jon Agirrezabalagak ekoitzi du diskoa.
Aurrez azken singlea aurkeztu du aste honetan: "Bi muXu". Abestiak norbere burua ezagutzeko prozesuaren amaiera, baldintzarik gabeko maitasuna eta hazkunde pertsonala ditu ardatz. Azurzak amei omenaldia egin die, bereziki bere amari, eta gure bizitzetan duten funtsezko papera aitortu du.