Esanezin musikariak kontzertu berezia iragarri du martxoaren 12rako
Donostiako Dokan izango da, eta Oriol Flores, Leire Berasaluze eta Olaia Inziarte ere izango dira bertan.
Oraindik Aireratzen leloarekin izendatu du Esanezinek martxoaren 12an, 19:00etan, Donostiako Dokan emango duen kontzertu berezia. Izan ere, Aireratzen diskoak bi urte beteko ditu, eta "bidearen garrantzia aldarrikatu eta lehen diskak suposatu duen guztia ospatzeko parada" izango dela aurreratu du musikariak.
Laukotea arituko da kontzertuan, Ianire Aranzabe ohiko kideekin arituko baita, baina kantu batzuetan bere bidean garrantzitsuak izan diren musikariak ere gonbidatuko ditu agertokira. Horietako bat izango da proiektuaren lehen urratsetan bidelagun izandako Oriol Flores. Bere lehen kantuan kolaboratu zuen eta berarentzat erreferente den Leire Berasaluze ere alboan izango du, eta baita musikaren ibilbidean ezagutu duen Olaia Inziarte ere.
Kontzerturako sarrerak hemen eskura daitezke, bost euroan.