Errusiako iturgindegi batek komun-zuloetan ipinitako ontzietatik edateko lehiaketa egin du

Promoziorako lehiaketa honek desadostasuna eragin du bertako jendartean eta baita sareetan ere.

Errusiako EvaGold izeneko iturgindegiak Game of Thrones izeneko lehiaketa egin du Stavropol hiriko denda batean. Lehiakideek komuneko zuloetan jarritako katilu batean zegoen edaria edan behar izan zuten sari bat irabazteko. Izan ere, enpresaren produktu izarrak dira komunontziak eta promozioa egin nahi izan dute joko horren bidez. 

Lehiaketaren lehen zatian komunetan jarritako ontzi edo katilu batean zegoen edari ez alkoholduna edan behar izan zuten ahalik eta azkarren. Sareetan zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, parte-hartzaileek komunontzien parean belauniko jarri eta lastotxo luzeen laguntzaz edan zuten. Partaideak zazpi laguneko taldetan banatu zituzten, eta txanda horretako azkarrenek hurrengora igarotzea lortu zuten. 

Bigarren zatian zazpi finalistek komunontzian eserita egon behar izan zuten, tapa itxita, ahalik eta denbora gehien. Denbora gehien irauten zuena "komunontziko errege edo erregina" izendatzea zen asmoa.

Hamar orduko iraupena izan zuen lehiaketak, dozenaka lagunek parte hartu zuten, eta bi partaidek baino ez zuten jokoa bazterrean utzi. Ez da harritzekoa akaso, 100.000 errubloko, 1.103 euro inguruko, saria baitzegoen jokoan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, komunak berriak eta erabili gabeak ziren, baina sareetan ikusmina eta zalaparta sortu du partaideak komun-zuloan sartutako ontzietatik edaten ikusteak. Sareetako zenbait erabiltzailek "nazkagarria, umiliagarria eta higuingarria" dela nabarmendu dute, eta enpresaren marketina eta etika ere zalantzan jarri dute. Antolatzaileek haien jokabidea zuritu dute, arreta erakartzeko modu berria izan dela eta partaideek haien kabuz eta borondatez parte hartu dutela nabarmenduz.