Errinozeronte adarra

Hanoi hiriko Medizina Tradizionalaren kaleak uste baino lotura estuagoa du Hego Afrikako sabanarekin. Vietnamgo hiriburuan, egunaren azken hondarretan, legez kanpoko produktuak erosi daitezke, tartean, Afrikako errinozerontearen adarra. Minbiziarentzako, esklerosi anizkoitzarentzako, zein burukomin arruntentzako sendagai gisa ere saltzen dute dendariek, hori bai, urrearen prezioan. Azken zenbaketen arabera, isileko ehiztariek 1.004 errinozeronte hil zituzten 2013an, eta Hego Afrikako Gobernuko Ingurugiro Sailak adierazi du, hala jarraituz gero, babestutako espeziea guztiz desagertuko dela epe laburrean.