Errenteriako 'Eztena' arte eszenikoen jaialdia martxan da
Hainbat ikuskizunez gain, Mikela elkargunearen inaugurazioa egingo dute datorren asteburuan.
Atzo abiatu zen Eztena arte eszenikoen jaialdiaren edizio berria, Zizt! Kultur elkarteak, Mikelazulo kultur elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatuta, EHAZE Antzerki taldearen laguntzarekin. Ekainaren 12ra arte iraungo du, "edukian, forman zein antolakuntzan arriskuak hartzen dituzten ikuskizunak erakutsiz".
Metrokoadroka konpainiaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan ikuskizunarekin eman zioten hasiera egitarauari, eta asteburuan emango diote jarraipena. Ostiralean, hilak 10, hainbat ekintza antolatu dituzte: Idoia Zabaletaren Ikusmenaren masaia; Mikela elkargunearen inaugurazioa; Dxuxturi teatroaren Lakoste emanaldia; eta Las XL-ren Degen´erate mucho.
Larunbatean, Idoia Zabaletaren emanaldiaz gain, Piezak eta Gilkiratxoren ETAren agiri bulegoa izango da. Amaitzeko, igandean, L'Alakran taldearen Makers izango da ikusgai.
