Errefuxiatuen istorioak biltzen dituen komikia kalean
Krimen antolatua dela eta, El Salvador eta Hondurasetik ihes egin behar izan duten errefuxiatuen ingurukoak ilustratzen ditu komikiak.
CEAR-Euskadik Susanna Martin Segarra autorearen Alde egin edo hil komikia aurkeztu berri du. El Salvadorretik eta Hondurasetik ihes egin eta gaur egun Euskal Herrian hartu diren errefuxiatu batzuen istorioak biltzen ditu argitalpenak. Euren lurraldeetatik ihes egin behar izan zuten krimen antolatuak (Mara-k, narkoak, estatuko agenteak, paraestatalak, etab.) haiengan eragiten zuen indarkeriagatik.
Komikian hainbat errefuxiaturen berri izango dugu: Diego, gaizkileek jo egin zutena trans izateagatik; Concepcion, estortsioa egin eta negozioa eta semea kendu zizkiotena; Alexandra, senarraren bidez Marak etxean sartu zitzaizkiona; eta Delmer eta Rihanna, lagun guztiak bortizki galdu dituztenak. Guztiek ihes egin behar izan zuten gauetik goizera, eta atzean utzi zituzten euren etxeak, lanak, negozioak eta El Salvadorren eta Hondurasen maite zuten jendea, "dena erraza, atsegina eta lasaia" izango zela uste zuten herrialde batera iristeko. Genero jazarpenagatik asiloa eskatzen duten pertsonek harrerako herrialdeetan aurkitzen dituzten diskriminazioen eta aurreiritzien berri ere ematen du, ordea, komikiak.
Liburuaren ale bat eskuratu nahi izanez gero, incidencia@cear-euskadi.org helbidera idatzi behar da.
Kataluniar ilustratzaile eta disenatzaile grafikoa
Susanna Martin (Bartzelona, 1976) egilea Historian lizentziatua da eta Ilustrazioan eta Horma Arteetan graduatua. 2012 eta 2014 artean Alizia mundu erreal batean eta Sansamba marraztu zituen, Isabel Francekin batera, eta Bombayko irribarreak nobela grafikoaren egilea ere bada. 2016 eta 2020 artean, zenbait komiki sozial txiki argitaratu zituen, besteak beste, Gaza Amal. Emakume ausarten istorioak Gazako zerrendan, Opari bat Kushburentzat komiki kolektiboa edo Etxeko eta zaintzako langile nikaraguarrak Bizkaian. Nobela grafikoak ere argitaratu ditu.
Erlauntza komiki-antologia koordinatzen du eta hainbat argitaletxe eta komunikabiderekin ere aritu da elkarlanean, tartean Pikara Magazine, El Salto, M21, Xabiroi edota Elkar. Zenbait sari eta aitortza ere jaso ditu bartzelonarrak.
Ikerketa txostena
CEAR-Euskadiren Bizitzeko ihes egin. Krimen antolatuaren aurrean babesten duten aliantzak ehuntzen ekimenaren barruan gauzatu dute komikia, eta izen bereko ikerketa-txostena ere osatu dute. Krimen antolatuak Hondurasen eta El Salvadorren, eta Mexiko igarotzean, eragindako jazarpenak aitortzeko eskaeretan sakontzen du ikerketak, baita herrialde horietako eta Espainiako Estatuko babes-eskarietan ere. Hemen deskarga daiteke txostena.