Erraldoien ibilbidea egin daiteke Donostiako San Telmo Museoan
Zortzi erraldoiak eta Altzoko Handia ere bisitatu daitezke bertan.
Donostiako Aste Nagusian zehar eta ondoren, Itzurun konpartsako zortzi erraldoiak San Telmo Museoan izango dira atseden hartzen. Ibilbide erraldoia egin ahal izango da bertan, eta erraldoi denak ikusi: Erromualdo, Estitxu, Eneko, Blanca, Manrique, Karmeli, Mattin eta Maritxu, Joakin Elizegi Altzoko Handiarekin batera.
Aste Nagusian, abuztuaren 14an, 16an eta 17an egin daiteke ibilbidea, 10:00etatik 17:30era. Ondoren ere, hilaren 18tik 30era, egunero egongo dira erraldoiak museoan, astelehenetan izan ezik, eta ibilbidea egin ahal izango da 10:00etatik 18:30era.
Ibilbide hau egiten dutenek erraldoi txiki bikote baten zozketan parte hartu ahal izango dute, eta museoko sarreran kontsulta daiteke honen inguruko informazioa.