Erotismo zertzeladak
Margolari handi gehienek jorratu dute erotismoa inoiz. Baina, oso gutxi dakigu arte erotikoaz. Erreportaje honetan, erotismoa lantzen duen artista batengana hurbilduko zaituztegu: Arantza Sestayo donostiarrarengana.
Arantza Sestayo margolaria da. Zenbait arlo jorratzen ditu: erretratoak, haur ilustrazioa, komikigintza, animazioa, ilustrazio erotikoa... Hala ere, artista erotikotzat du bere burua. Dioenez, arte erotikoa da ondoen doakiona, eta oso eroso sentitzen da biluztutako pertsonen artean lan egiten. "Giza gorputza oso erakargarria zait, marrazteko gai interesgarriena iruditzen zait; izan ere, gehienetan horretara jotzen dut, eta horrekin gozatzen dut gehien", esan digu. Arantzak ilustrazio erotiko-fantastikoak egiten ditu, beldurrezko marrazkigintza fantastikoaren ukituarekin. Komiki erotikoak ere argitaratu izan ditu, baina ilustrazio lanek egin dute ezagun, atzerrian gehien bat. Arantzari buruzko aipamen asko aurki daitezke interneten, zenbait hizkuntzatan. Halaber, haren artelanak, erotismo grafikoari eskainitako gune garrantzitsuetan eros daitezke.
Arantzak AEBetako SQP argitaletxearentzat lan egiten du, besteak beste. Argitaletxe horrek (www.sqpinc.com) 30 urte pasatxo daramatza arte erotikoa, komikiak eta pin up lanak argitaratzen, arrakasta handiz.
Artista donostiarrak emakumeen erotismoa jorratzen du: emakumeak dira bere artelanetako protagonistak. "Sexuaren merkatua batez ere gizonezkoei zuzenduta dago", dio, eta merkatuak agintzen du honetan ere. Enkarguz lan egiten du, eta aurrera egiten ari da, duela gutxira arte erabat gizonezkoena zen arlo horretan. Koadroak osatzeko eta giroa sortzeko duen gaitasuna goratzen dute kritikoek.
Jarrera, garrantzitsuena
Arantza Sestayok marraztutako emakumeak ezin ederragoak dira. Edertasuna baino askoz gehiago erakusten dute, ordea. Protagonisten jarrera da margolari honen erronka, hau da, zer adierazten duten: indarra, gozotasuna, beldurra, estasia, pasioa, mina... "Gainerakoak, apaingarriak dira, laguntza bat. Gorputzak alde erotikoa jartzen du, eta dekoratuak gi-roa, baina niretzat, jarrera da garrantzitsuena", dio.
Emakume indartsuak gogoko ditu. Ez dira emakumezko otzanak, alderantzizkoa baizik, eta ikuslea sorgintzea dute helburu. Jainkosak, aingeruak, banpiresak, gerlariak, protagonista edozein izanik ere, irudi guztiek mezu bakarra dute, egilearen aburuz: "Nik sexua nahi dut. Eta zuk?". Erotismoa gizakien alde sentikor eta ezkutuenetakoa dela uste du Sestayok, eta "debekuarekiko jakinmina" duenez, oso erakargarria zaio erotismoa, bai lan egiteko orduan, bai bestela ere.
Batetik, estetikoki, oso atsegina zaio emakume sexy baten gorputza. Mezua ere gogoko du. "Denoi gustatzen zaigu sexua", dio. Dena den, gehien gustatzen zaiona ondorioa da, hau da, irudiak ikuslearengan sortzen duen zirrara: "beste motatako ilustrazioetan, pertsonaia batzuen artean gertatzen ari dena agertzen da. Ilustrazio erotikoetan, gertatzen ari dena, irudiaren eta ikuslearen artean gertatzen ari da. Begiratzen ari dena jokoan parte hartzen ari dela esan daiteke", gaineratu digu.
Beraz, erotismoa jolas bat da, sexua iradokitzeko jolasa. Sexua ez da inondik ere agertzen. "Erotismoak sexua azaletik iradokitzen du, eta pornografiak gordinean agertzen du. Nire ustez, askoz ere erakargarriagoa eta kitzikagarriagoa da gauzak imajinatu behar izatea. Gauzak ez ikusteak ezinegona sortzen du, eta falta dena norberak asmatu behar du. Hala ere, biak iruditzen zaizkit interesgarriak", azpimarratu digu donostiarrak.
Tabu asko oraindik
Arantzak naturaltasun osoz hitz egiten du erotismoaz eta sexuaz, baina argi eta argi dauka, gai horien inguruan oraindik ere tabu eta aurreiritzi asko dagoela gure gizartean. "Sexu-bizitza osasuntsua oso urrun dugu oraindik. Uste dut, gehiago disfrutatu behar dugula emakumeen eta gizonen arteko harremanaren xarmaz. Nire ustez, gehiago hurbildu beharko genuke erotismora", dio Arantzak.
Beharbada, horren guztiaren ondorioz ezagutzen dugu hain gutxi arte erotikoa. Dena dela, horrek ez du esan nahi bigarren mailako arloa denik: "alderantziz da. Giza gorputza marrazteko gauza zailenetakoa da, eta margolari batek, arlo hori menperatzen duela erakusten duenean, bere maila agerian geratzen da". Arantzak ez du gaizki egiten, behintzat.