Erakunde honek plastiko hondakinak kaleko galtzada bihurtzen ditu
Ia konturatu ere egin gabe plastiko kantitate izugarria erabiltzen dugu urte bakar batean. Bazenekin minutuko milioi bat plastikozko botila erosten direla mundu osoan? Zifrak asaldagarriak dira, batez ere jakinik plastiko guzti horretatik portzentaia txiki bat birziklatzen dela, eta beste guztiak zabortegietan, ozeanoetan edota beste hainbat espazio naturaletan amaitzen duela.
Nzambi Matee, 29 urteko nairobiarra da, eta birziklatzen ez den plastikoak bigarren bizitza bat izatea nahi du. Hori horrela, plastiko horrekin kaleak zolatzeko adreiluak sortzen hasi da. Izan ere, bere enpresak, Gjenge Makers-ek, plastikozko poltsa, ontzi eta hondakinak galtzada bihurtzen ditu berak garatutako teknika baten bitartez.
Erakunde hau sortu aurretik, Nazambi-k datu aztertzaile eta ingeniari bezala lan egin zuen petrolio industrian. Nairobiko kaleetan aurkitzen zituen plastiko hondakinez larrituta ordea, lana utzi eta bere amaren etxe atzeko patioan laborategi txiki bat sortu zuen. Bertan, hondar eta plastiko konbinaketa ezberdinak probatu zituen adreiluak sortzeko hondakinetatik abiatuta.
Geroago, Colorado Boulder Unibertsitatean beka bat lortu zuen laborategian aritzeko eta bertan plastiko-adreilu makinaren lehen prototipoa garatu zuen.
Bi material soilik erabiltzen ditu: plastikoa eta hondarra. Galtzada hauek 350 gradu baino gehiagoko fusioa dute eta hormigoia baino iraunkorragoak dira. Erabiltzen duen plastiko gehiena fabriketatik eta birziklatze guneetatik lortzen du, askotan doan. Honek kostuak murrizten laguntzen dio, eraikuntza mota hau edozeinen poltsikorako eskuragarri bihurtuz.
Erakundeek ordaindu egin behar izaten dute hondakinak deusezteko, honela guk euren arazoa konpontzen dugu, dio. Sortzen dituen adreilu hauek badute beste abantaila bat ere: beren iraunkortasuna. Gainera ia erdia pisatzen dute, eta beraz garraioa eta instalazioa azkarragoa da baliabide eta diru aldetik.
Egun fabrikak egunean 1.000 eta 1.500 adreilu inguru ekoiztu ditzake, nahiz eta Nzambi-ren ideia hazi eta Afrika osora zabaltzea den. Oraingoz, 20 tona plastiko baino gehiago birziklatu ditu eta komunitatean 112 lanpostu sortu. Bada zerbait!