Eraikuntza ekologikoekin, etxerik gabeko pertsonei duintasuna itzuliz

Eraikuntza ekologikoekin, etxerik gabeko pertsonei duintasuna itzuliz Radwa Rostom ingeniari egipziarrak etxebizitza merke eta kalitate altukoak eraikitzeko formula jarri du martxan herrialdean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eraikuntza-ekologikoekin-etxerik-gabeko-pertsonei-duintasuna-itzuliz/@@download/image/Profile_ClimateFellow_2016_Radwa_Rostom.jpg
2019/06/26

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Radwa Rostom ingeniari egipziarrak etxebizitza merke eta kalitate altukoak eraikitzeko formula jarri du martxan herrialdean.
Eraikuntza ekologikoekin, etxerik gabeko pertsonei duintasuna itzuliz

Kairoko Ain Shams unibertsitatean ingeniaritza zibila ikasteaz amaitu zuenean, Radwa Rostomek helburu bakarra zuen buruan: pertsona guztientzat eskuragarri izan zitezkeen etxebizitzak eraikitzea. Eta halaxe egin du; metodo tradizionalak berreskuratuz, merkeak eta aldi berean kalitatezkoak diren eraikuntza ekologikoak egiteko formula aurkitu berri du ingeniari egipziarrak. Bere metodoak kaleetatik aterako ditu ehunka familia, etxerik gabeko pertsonei duintasuna itzuliz.

Rostomek Hand Over gizarte enpresa sortu du etxebizitzen eraikuntza martxan jartzeko. Bere metodo berritzaileak asko du tradiziotik; ez bakarrik eraikinak egiteko formula eta materialengatik, eraikitzeko prozesua beragatik ere. Hain zuzen, ingeniariak komunitatea inplikatu du etxe horien eraikuntzan, beraien beharrak entzunez eta modu komunitarioan lan eginez. Horrekin batera, lekuko material ekologikoak erabili dituzte, hala nola, legarra, buztina eta hondarra. Egiptoko etxe tradizionalak eraikitzeko teknikak berreskuratu ditu, eta aldi berean beste teknika berritzaileak gehitu ditu. Metodo honekin %50 merkeago eraiki dituzte etxebizitzak, kalitatea eta segurtasuna bermatuz. Gainera, CO2 emisioak %30 gutxitzea lortu dute, auzo osasungarriak bermatuz. 

Proiektua Ezbet Abu Qarn auzo egipziarrean probatu dute lehenbizikoz; duela hiru urte auzo hori aukeratu zuten, bertan bizi zirelako behar gehien zituzten familiak. Hiru urteren ondoren, eraikinek kalitate bera mantentzen dutela egiaztatu dute; besteak beste, kanpoan 40 gradutara iritsi arren, etxebizitzetako paretek hotz jarraitzen dute. 

Etxebizitzak ez dira Hand Ober enpresak eraiki dituen eraikin bakarrak. Inguruko hainbat GKErekin lanean dihardute, eta hala, klinika bat eta 300 ikasleentzat eskola bat ere eraiki dituzte, besteak beste.