Epaimahaikide izan nahi duzu Giza Eskubideen Zinemaldian?

Hemezortzi eta 30 urte bitarte badituzu, eman izena!

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 16. edizioko epaimahai izatea gustatuko litzaizuke? 18 eta 30 urte artean bazaude, baduzu aukera! Aurtengo edizioan 150 gaztek osatuko dute eta apirilaren 20 eta 27 bitartean egingo den zinema jaialdiko gazte epaimahaien taldea, eta film labur onenari saria emateko ardura izango dute.

Gazte Epaimahaian kidea izateko HEMEN eman behar duzue izena, eta epea apirilaren 8a arte irekita dago. Izena eman duten guztien artean hurrengo egunean (apirilaren 9an) zozketa egingo da, eta zinemaldiko web gunean ezagutzera emango dira irabazleen izenak.

 

ABANTAILAK

Aurreko urtetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera ematen du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko gradukoek eta Deustuko Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte.

Horretaz gain, epaimahaikide lana egingo duten gazteen artean Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan egiten den FiSahara zinemaldirako bi bidai zozkatuko dira. Gainera, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko, Victoria Eugenia Antzokiko saioetarako bi abonamendu emango zaizkie.

Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu. Lehiaketan hainbat herritatik eta nazioarteko zinemaldietatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute.