'Enpaste', 'felazio', 'distopiko', 'gaupasa egin' eta 'adimen artifizial' jaso dituzte Euskaltzaindiaren Hiztegian
1.103 forma berri txertatu ditu Euskaltzaindiak hiztegian, eta 2.524 forma moldatu.
Euskararen Akademiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2024ko lehen seihilabetea denez, sareko hiztegia eguneratu du eta 1.103 forma berri jaso dituzte hiztegian: 386 sarrera, 434 azpisarrera eta 283 ohiko lexia. Era berean, 2.524 forma moldatu edo findu ditu. Eguneratze horrekin, 50.535 forma jasotzen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak, 68.198 adiera, 111.193 adibide eta 519 esaera zahar.
Forma berriei dagokienez, honako hauek jaso dituzte hiztegian: flexo, fobiko, enpaste, felazio, biorritmo, adimen artifizial, arrain urdin, arrain zuri, hezurrak hautsi, korronte alterno, lasaitua hartu, gaupasa egin, greba egin…
Ohiko lexian honako hauek erantsi dituzte: arrautza(-)gorringo, arrautza(-)zuringo, irratia piztu, irratia itzali, telebista piztu, betaurrekoak jantzi, gol(-)zaparrada, kreditua eskatu, kreditua eman… Bestetik, Exonomastika Batzordeak berrikusitako arauetatik jasotako Espainiako Erresumako eta Frantziako Errepublikako herritarrak ere badira: aragoiar, huescar, zamorar, landestar, perpinyar, proventzar…
Forma ugari zuzendu, osatu eta moldatu dituzte. Esaterako, "haginak erakutsi" esapidea, "hortzak erakutsi"-ren ordez. "Ziur izan" eta "arnasa bota" ere jaso ditu Euskaltzaindiak hiztegian.
Hemen kontsulta daitezke aldaketa guztiak.