Endurance, itsasontzi mitikoa, aurkitu dute

Nazioarteko espedizio batek itsasontzi historikoa aurkitu du 3.000 metroko sakoneran eta oso egoera onean.

Ernest shackleton buru zuen itsasontzia Antartikara iritsi zen XX. mende hasieran. Ontzia izotzetan harrapatua geratu zen eta bere hondartzeak pasa den mendeko erreskate misiorik harrigarrienetako bati bide eman zion. 

Bada, nazioarteko esplorazio talde batek Weddell itsasoan (Antartika), 3.008 metroko sakoneran aurkitu du Endurance. Ernest Shackleton-en (1874-1922) itsasontzia oso egoera onean kontserbatua dago. Aurkikuntza hau burutzeko robot urpekariak erabili dituzte.

Antartikako Ituna dela eta urpean dagoen itsasontzia monumentu historiko moduan babestua dago. Beraz, ezingo da inongo modutan hondatu ontzia, berau aztertzen edo filmatzen den bitartean. 

Espedizio honetan joan zen Mensun Bound-en hitzetan egurrezko itsasontzia izugarri ondo kontserbatua dago. Hain da horrela, popan oraindik ere Endurance hitza irakurri daitekeela. 

Ernest Shackleton Endurance ontziarekin Antartikara abiatu zen 1914an. Hegoaldetik Antartikako kontinentean gurutzatzen saiatu ostean, Weddell itsasoko izotz plaketan harrapatua geratu zen. Itsasontziko 28 tripulatzaileek itsasontzia abandonatzea beste aukerarik ez zuten izan izotza ontzia zanpatzen hasi zenean. 

Hilabeteak izotz-puska ezberdinetan kanpaleku inprobisatuak eginez igaro ostean, tripulazioak salbamendu-txalupak erabili zituen Elefante deitutako uhartera iristeko; Endurance, hondoratu zen tokitik 557 kilometrotara. 

Bertan, Shackleton eta beste bost pertsona James Caird deitutako salbamendu-txalupara igo ziren eta bertan 1.300 kilometroko itsasaldia burutu zuten 15 egunetan zehar munduko itsasorik arriskutsuena zeharkatuz. Azkenik, Georgia Hegoaldeko uharte batera iritsi ziren. Bertan gertatutakoa kontatu eta atzean utzitako beste tripulatzaileak erreskatatzea lortu zuten. Jazoera geratu zenetik 19 hilabete pasa ondoren! Harrigarriki, tripulazioko kide guztiek bizirautea lortu zuten. 

Orain, nolabait, itsasontzia bera ere erreskatatzea lortu da. Aurkikuntza burutu duen taldea guztia grabatzen ari da eta 2022 honetako udazkenean dokumental bat kaleratzeko asmotan dira prozesu guztia azalduz.