Eñaut Zubizarreta “trigger”-ek hari-instrumentuak beste musika estilotan txertatzeko ikastaroa prestatu du
Ikastaro honetan euskal musika hartu du oinarritzat.
Eñaut Zubizarreta “Trigger”-ek Iñigo Muguruza Ikerketa Beka eskuratu du eta, Euskal Herriko musika oinarri duela, hari-instrumentuak beste musika mota batzuetan txertatzeko ikastaroa prestatu du. Aste honetan bertan aurkeztu du bere triggerprototxelo deitutako bere Youtubeko kanalean.
Euskal Herriko musika oinarri hartutik eta adibide praktikoak emanez, hari-instrumentuak beste musika motetan txertatzeko online ikastaroa aurkeztu du Eñaut Zubizarreta biolontxelo jotzaile eta pedagogoak.
Ikastaroaren eduki guztiak Youtuben jarri ditu doan, edonoren eskura, bere kanalean. Hirurogehi atalako ikastaroa da eta material gehigarria dakarren txostera ere eskuratu ahal izango da. Bertan azalpenak eta partiruak daude. Naiz hedabideari adierazi dionez bere helburua Euskal Herriko hari-instrumentu jotzaileek dituzten beharrei erantzutea da, izan irakasle edo ikasle.
Zubizarretak musika klasikotik kanpoko zenbait baliabide teknikoren inguruko ikerketari ekin zion 2018an, eta bide horretako emaitza da ‘Poliedro Vol.1’, biolontxeloa egungo musiketara egokitzen duen proiektu musikal-pedagogikoa. 2019an hasi zuen lan hori. Bertan, teknika berrien ikerketa eta aplikazioaren bitartez, biolontxeloarekin interpreta daitezkeen hainbat musika estilo arakatu zuen, eta era askotako formazioekin jolastu zuen. Gida moduko bat ere eskaini zuen, «jendeak lengoaia berri honetan txeloa, biolina edo biola zelan jo daitezkeen ikus dezan», esan zion Naizi. Horretarako, metodologiaz eta partituraz osatutako liburu bat argitaratu zuen diskoarekin batera.
Orain, aurreko laneko liburutik digitalera egin du eta aurreko lanaren ildo musikal pedagogiko beretik badoa ere, aldaketa nabarmenak daude azken proiektu honetan: euskarri digitala izatea, hain zuzen, eta Euskal Herriko musikarekin lotuta egotea. Era berean, nazioarteko beste zenbait hari-jotzaileren erreferentzia bibliografikoak batu ditu teknika berrien nondik norakoak azaltzeko.
Material berri hau edozeinen eskura dagoen arren, Euskal Herriko musika eskolentzat sortua da eta, Iñigo Muguruza Bekaren barruko ekimena denez, Euskal Herriko eskoletara errazago iristea espero du.
Euskara da ikastaroko hizkuntza nagusia; hala ere, nazioartera zabaltzeko aukera ere badu; izan ere, azpitituluak gazteleraz eta ingelesez egongo dira.