Emotikono inklusiboagoak

Udazkenean emotikonoak berrituko dituzte eta lehengo batzuk aldatzeaz gain, berriak ere sortuko dituzte, tartean haurdun dagoen gizonarena.

Uztailaren 17an izaten da Emotikonoaren Nazioarteko Eguna eta enpresek euren katalogoan izango diren berrikuntzak jakinarazteko aprobetxatzen dute egun hori. Irabazi asmorik gabeko Unicode enpresen partzuergoak Apple eta Googlek garatutako emotikonoen kodigo eta deskribapenak ematen ditu eta euren hitzetan, "emotikono zerrenda berriak genero dibertsitate handiagoa erakutsi nahi du". Izan ere, katalogoa ez dela behar bezain inklusiboa salatu izan dute eta, ondorioz, diseinu hauek txertatzeko erabakia hartu dute. 

Inklusibitatearen ildotik sortutako emotikonoetako batzuk aurkeztu dituzte, tartean haurdun dagoen gizonarena; beste emotikono batzuekin gertatzen den moduan, honek ere hainbat azal eta ile kolore izango ditu aukeran. Azal kolore ezberdinetako bosteko edo esku-ematea, eta hainbat azal eta ile koloretako errege diseinua ere ageri dira katalogoan.

"Orain dela urte batzuk gizonezkoen nagusitasuna nabarmena zen generodun emotikonoetan, zonbietan edo aurpegia esku-ahurrarekin estaltzen zutenetan esaterako. Denborak aurrera egin ahala aldatu egin da, ordea. Lanbide eta zaintzarekin lotutako ehundaka emotikono gehitu ditugu estereotipoei aurre egiteko", adierazi du Jennifer Daniel Unicodeko emotikonoen azpibatzordeko presidente eta Googleko langileak. 

Bestetik, 992 emotikono ere birdiseinatu dituzte munduko edozein tokitan zer adierazten duten igartzeko gai izan daitezen. Horien artean daude pastelaren irudia, bikinia edota musukoa. Horretaz gain, ibilgailuen irudien tamaina ere handitu dute. Janarien itxura ere "hobetu" dute, "prestatuak" dauden itxura emateko. 

Emotikono berriak udazkenean kaleratuko omen dituzte, Android 12aren merkaturatzearekin batera. Dena den, Gmail eta Google Chaten hilabete honetan izango dira eskuragarri. 

Erabiltzaileen gogokoenak
Emotikonoen Nazioarteko Egunaren harira, Emojipediak hautagai diren emotikono zirriborroen artean euren gogokoena aukeratzeko bozketa jarri zuen martxan sare sozialetan, jendartean irrika gehien pizten zuten proposamenak zeintzuk ziren jakiteko. 15.000 lagunek baino gehiagok bozkatu zuten eta aukeratu zituzten guztiak katalogo berrian kaleratuko dituztenak dira. Lehenengo postuan urtzen ari den aurpegiaren diseinua dago, bigarrenean hatz artetik begiratzen ari den aurpegiarena, eta hirugarrenean eskuineko eskua kopetan duela agurtzen duena. Laugarren eta bosgarren postuetan, berriz, bihotza irudikatzen duten eskuak eta hozkatutako ezpaina daude, hurrenez hurren. Hain zuzen ere, bozka gehien jasotako seigarrena haurdun dagoen gizonaren emotikonoa izan da.