Emojiaren Mundu Mailako Eguna: Inoiz baino anitzagoak

Emojia (emochi ahoskatuta) hitz japoniarra da. Ideia, emozio edo sentimendu bat adierazteko erabiltzen den piktograma izendatzeko erabiltzen da. Iruditxo alai hauek jada gure bizitzaren zati ukaezina dira. Ez dago inor, gutxi bada ere, erabiltzen ez dituenik; inoizko ingurune digitalizatuenean hitzak irudi bihurtzeak esan nahi duguna hobeto adierazten laguntzen baitigu.

Hain justu, gaur, uztailak 17, emojien mundu mailako eguna da. Egun honetan erabili baitzen lehen aldiz horrelako piktograma bat. iOS-ek 2002an erabili zuen bere egutegian. Egun, horrelaxe mantentzen da, Whatsappeko ikonoetan egutegiko iruditxoa bilatzen baduzu, uztailaren 17ko data azalduko zaizu eguna edozein dela ere.

Gaur egun emojiek euren mundu propioa dute. Hain justu, 2015ean “emoji” urteko hitza izendatu zuen Oxford hiztegiak. Komunikazio modu honen jatorria aurpegi adierazpenak imitatzen zituzten honelako :) edo honelako XD puntuazio zeinu eta letren sekuentziak dira. Hortik sortu zen Unicode nazioarteko partzuergoa 1991an. Berau izan zen garaiko “emoji” guztiak bateratzearen arduraduna.

Hain da handia komunikazio modu honen eragina, egungo gizarte anitzaren isla bilakatu direla ikono koloretsuak. Orain dela gutxi arte detektibea, txirrindularia, polizia... bezalako lanbideetan gizonezko emojiak aurki zitezkeen soilik, eta emakumezkoak dantzari edo printzesa bezala azaltzen ziren. Egun ordea, lanbide guztietan aukeratu daiteke genero bat edo bestea eta baita azal kolorea ere.

Genero malguko emojiak
Google aniztasuna islatzeko bidean pausu bat harago joan nahia dabil. Generoak inposatzen duen mundu bitar zurrunarekin amaitu nahi du. Orain dela hilabete batzuk konpainiak genero malguko 53 emoji iragarri zituen. Keinua garrantzitsua da jakinik pertsona asko eta asko direla ez direla gizon edota emakumezkoen marrazkiarekin identifikatzen. Oraindik beta fasean dauden emoji hauek edozein generoko pertsonek eraman ditzaketen ile orrazkerak dituzte eta ez dute emakumezko edota gizonezko bezala soilik identifikatzen dituen arropa erabiltzen.

Azken finean, emojiak komunikazio modu berri bat baitira, hitzak baino askoz ere unibertsalagoa. Munduko populazioaren %92k erabiltzen ditu eta Instagram-en argitaratzen diren testuen erdiak emojiz osatzen dira. Hain zuzen, Twitter, Whatsapp eta Instagram bezalako plataformetan erabiltzen dira gehien aurpegitxo barregarri hauek. Horregatik da garrantzitsua Google bezalako konpaini batek emojien aniztasuna zaintzea, detaile txikiek aldaketa handiak lortu baititzake, eta horrelako ekimenek aniztasunari ateak ireki eta gure mundu ikuspegiak aberasten baititu.