Emankortasun iraultza herrialde pobreetan; jaiotzen beherakada

Herrialde aberatsetako joerari jarriki, pobreetan ere geroz eta haur gutxiago jaiotzen ari dira.

Globalizazioaren eraginetako bat izan daiteke azken urtetako joera hau; orain arte, garapen handieneko herrialdeek jaiotze-tasa baxuenak izan dituzte, baina azkenaldian herrialde txiroagoetara ere zabaldu da joera. Arrazoiak asko dira, baina badira faktore nabarmen batzuk, teknologiaren garapena, emakumeen lanerako irisimen handiagoa eta antisorgailuen zabalkundea. Horrekin batera, ikerlariek haurrak izateko joeraren murrizketarako beste faktore bat detektatu dute; garapenak gora egitean familiek ez dute seme-alaben horrenbesteko beharrik heldutasunari aurre egiteko.

Gauzak horrela, demografia handieneko lurraldeetan emankortasuna nabarmen jaitsi da; Txinan, gizarteak ekonomian eta teknologian gora egin du eta aldi berean, jaiotzak behera egin dute; berdina gertatzen hasi da Indian edota Iranen. 

Mundu mailan, emankortasunaren bataz-besteko tasa emakumeko 5 haurrekoa zen duela gutxi arte; egun emakumeko 2,5 haurrekoa da, eta zifra etengabe doa behera. Afrikako herrialdeak dira tasa hori gainditzen duten bakarrak, eta bertan ere, pixkanaka beheruntz doa emankortasuna. Nigeria adibidez, egun munduko herrialde emankorrenetakoa da, baina 2050erako nabarmen jaistea espero dute ikerlariek.