Emakumezkoen I. Futbol Kopa antolatu du Euskal Herria Kirola elkarteak
Euskal Herria Kirola elkarteak, apirilean kirolari eta kirolzaleek sortu zuten elkarteak, abuztuaren azken asterako emakumezkoen I. Futbol Kopa antolatu du. Euskal Herriko futbol taldeen artean zortzi hoberenek parte hartuko dute.
Antolatzaileek Athletic de Bilbao, Real Sociedad, Lagunak (Barañain), Abanto (Zierdena), San Juan (Iruñea), Aurrera de Vitoria, Añorga eta Donapaleu (Ipar Euskal Herria) taldeak aukeratu dituzte abuztuaren 20tik 28ra bitarte izango den emakumezkoen futbol koparako.
Donapaleu-Abanto izango da lehen partida, abuztuaren 20an, Donapaleuko zelaian, 18:00etan. Omenaldi gisa, Herriko Etxeko ordezkariek protokoloa egingo dute eta herriko kirolari batek ohorezko sakea egingo du. Partidak hirugarren denbora ere izango du, errugbyan egiten den bezala, eta anaitasuna sustatzeko otordua egingo da.
Abuztuaren 24ean izango da bigarren jardunaldia, Azpeitiako Garmendipeko zelaian, Otazuako Olaranbe zelaian eta Zubietako zelaian. Kanporaketa guztiak amaituta, abuztuaren 28an Bakion egingo da final handia.
Partiduak
Abuztuaren 20a, larunbata:
18:00etan Donapaleuko zelaian, DONAPALEU-ABANTO
Abuztuaren 24a, asteazkena:
18:30etan Azpeitiako Garmendipeko zelaian, ATHLETIC-AÑORGA
18:30etan Zubietako Zelaian, REAL SOCIEDAD-SAN JUAN
20:00etan Otazuako Olaranbe zelaian, AURRERA DE VITORIA-LAGUNAK
Abuztuaren 28an, igandea:
18:30etan FINAL HANDIA