Emakumezko agintariak dituzten herrialdeek zergatik egin diote aurre koronabirusari modu eraginkorragoan?

Emakumeak gobernu buru dituzten herrialdeak pandemiaren kudeaketan nabarmen azaltzen dira lehen postuetan. Herrialde horiek guztiek partekatzen dute kalitatezko demokrazia edo giza garapenaren indize altua.

Zerrenda horretan zazpi herrialde azaltzen dira nabarmen: Alemania, Taiwan, Zeelanda Berria, Islandia, Finlandia, Norvegia eta Danimarka. Finlandiako lehen ministroak adibidez, Sanna Marin-ek, jakinarazi du bere herrialdeak birusaren zabaltzea geratu duela garaiz hartutako neurriengatik eta hiritarrek egindako ahaleginarengatik. 

Alta, emakumezko presidente edo lehen ministro izatea salbuespena da oraindik, baina "salbuespen" hauek erakusten ari dira emakumezko liderrak dituzten herrialdeak eraginkorrak direla, batez ere Covid-19ari aurre egiterako garaian. Azkar hartu zituzten erabakiak birusari aurre egiterako garaian: konfinamendua, kasuen jarraipena eta mugen kontrola beste neurrian artean. Neurri hauek oso kasu gutxi zeudenean hartu zituzten. Gainera, lider hauen komunikatzeko modua ere ezberdina izan da: etengabe eman dituzte prentsaurrekoak, eta haurrentzako prentsaurreko esklusiboak ere antolatu zituzten. 

Emakumezko agintari hauek diziplina, sentsibilitatea eta gaitasuna erakutsi dituzte pandemiari aurre egiterako garaian, eta horregatik politika hobeak gauza ahal izan dituzte oraingo egoerari eta etorkizunekoari aurre egiteko. Dirudienez, emakumeak buru dituzten herrialdeek oinarrizko beharrizanak lehenetsi dituzte, horien artean daude osasuna, hezkuntza eta beharrik gehien dituzten pertsonak babestea, batez ere haurrak. Adibidez Zeelanda Berriko lehen ministroak, Jacinda Ardern, Pazko-asteko untxia funtsezko langile kontsideratu zuen. 

Nazio Batuen Erakundeak berriki argitaratutako Emakumeak Boterean txostenak erakusten du agintari hauek dituzten lehentasunak: Familia, haurrak, gazteak, adinekoak eta ezgaituak, arazo sozialak, ingurumena, lana, hezkuntza eta genero berdintasuna. 

Gainera, emakume hauek sentsibilitate berezia erakusteaz gain, frogatu dute teknikoki ere oso prestatuak daudela. Jakin dute komunikatzeko tresnak erabiliz euren hiritarrengana iristen. Hain da horrela, batzuk influencer-ak erabili dituztela higiene arauak beren biztanleengana iritsi zitezen. 

Emakume hauek erakutsi dute jakin dutela zaurgarrienei lehentasuna ematen eta frogatu dute agintaritza karguetan emakumeek gizonezkoek bezain lan ona egin dezaketela.